euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

3 irakasle eta 20 ikasle gogotsu, ikasminez eta engaiamenduz Valentziako Euskal Etxearen laugarren barnetegian

2025/02/25

Barnetegia aurrenekoz egin da Valentziako Euskal Etxearen egoitzan bertan, lehenago Sinarcas (2) eta Calles (1) herrietan egin ostean
Barnetegia aurrenekoz egin da Valentziako Euskal Etxearen egoitzan bertan, lehenago Sinarcas (2) eta Calles (1) herrietan egin ostean

PUBLIZITATEA

Valentziako Hiria. "Atsegina eta interesgarria izan da, ikasi dugu, ongi pasatu eta asteburua di-da batean joan zaigu", dioskute. 20 euskara ikasle —10 bertako Hizkuntza Eskola Ofizialekoak, online, eta beste hainbeste Euskal Etxekoak— partaide zirela egin da joan den asteburuan Valentziako laugarren barnetegia, Garikoitz Knörr, Leire García eta Izaskun Kortazar irakasle. Ostiralean, otsailaren 21ean hasi zen, Euskal Etxearen egoitzan, eta bertan garatu da igandera arte. Hogei Ikasleak A1 (9), A2 (7) eta B1-B2 (4) mailakoak ziren, eta adin aldetik euren artean unibertsitarietatik hirurogeitazerbaitgehiagotara zeuden, guztiak gogo eta interes nabariaren jabe.

Programa ostiral iluntzean hasi zen, 19etan, mintzapraktika "izotz-puskatzaile" batekin. Afalostean —zer besterik euskal elkarretaratze batean— euskal kantu herrikoi sorta partekatu zuten bildutakoek, Gari Knörren gitarra eta ahotsa lagun. Larunbatean, jarduerak 10etan abiatu ziren, mintzapraktika zuzendu batean. Bazkariak, hiztegia lantzeko aukera berria ekarri zuen eta iluntze aldera Aritza Bergarak euskal mitologiari buruzko hitzaldia eman zuen, ondoren bigarren afariari ekiteko. Igandean, egunari etekin egokia ateratzeko baina pasatu gabe, 10etan hasi ziren berriz ere jarduerak, 17ak arte.


Asteburuan zehar programa bariatua izan dute. Irudian euskal mitologiari buruzko hitzaldia Aritz Bergararekin


Proposamen jolasgarrien artean, baita dantza ere, Valentziako Euskal Etxearen aretoan


Ikastea eta ongi pasatzea, praktikatzea eta sozializatzea, euskara lokarri

Ikasle zein irakasleek balantze polita egin zuten barnetegiaren amaieran pasatako ebaluazio-orrian. Eguraldiak ez zuen lagundu, eta horrek etxe barruko saio gehiago egitera behartu zuen eta horrek ez zituen ahalbidetu aurreko hiru edizioetan Sinarcas eta Calles-en, bertako kaleetan egindako mintzapraktika pasealdiak, euskaraz herriotako kaleetan barrena. Baina ohar hauek ez zuten batere ilundu balantze zinez positiboa dinamikei, lokalari eta janariari zegokienez.

Euskal Etxeak eta antolatzaileek esker biziak ematen dizkiete ikasle guztiei parte hartzeagatik, eta datorren urtean barnetegi berri batera gonbidatzen dute, baina baztertu gabe agian aurten bertan, urtea bukatu aurretik egin litekeen beste batera.

Zorionak Euskaletxe-ikasle-irakasleok!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia