euskal diaspora eta kultura
2011/04/27
PUBLIZITATEA
Sara, Lapurdi. Egun bizia izan zen astelehenekoa. Eguraldia ez zen gaizki portatu eta jendea nonbrean sartu zen Sarako kiroldegira, esan nahi baita Sarako Idazleen Biltzarra urtero egiten den aretora. Durangoko 'anaia nagusiak' ere bertaratu ziren, Gerediagako arduradunak alegia, eta aurkezpen programa zalu joan zen. Antolatzaileek eman xifretan, orotara eta euskaraz zein frantsesez eta bestelako lengoaietan 282 izan ziren iragan urtetik hona azokaratutako liburu eta emaitza berriak.
Xiberoko euskara maite dutenek, eta Diasporari lotua, bertan erdietsi ahal izan zuten Bob Laxalt-en 'Sweet Promised Land' eleberria, lehenengo aldiz Dominique Laxalt zenaren jatorrizko euskalkira ekarria, pena hala ere, frantsesa tarteko egin izana, Sü Hazia elkarteak joan den abenduan argitara emana, orduan lerro hauetan aipatu genuen bezala. Xibererara hurbiltzeko baita ere, Jüje Etchebarneren 'Gramatika emendakinak', berez ikasmateriala, gau-eskoletan irakasle eta ikasle direnen erabilgarri.
Sartu eta berehala, egurrean landutako bi figura afrikarren erdian, Xipri Arbelbide ikus zitekeen, 'Sorginak. Lehen eta orain. Afrikan eta hemen' liburuarekin. Franck Dolosor kazetari senperetarrak, bere herriko Matxin Irabola bertsulariari buruzko liburuarekin zegoen azokan, eta Agustin Errotabehere, 'Jean Pitrau, La révolte des montagnards'ekin, bizia Euskal Herria eta Biarno artean eman zuen sindikalistaz. Pamiela argitaletxe nafarra, berriz, Joseba Sarrionaindiaren 'Moroak gara behelaino artean?' izenburuarekin azaldu zen azokan.
EuskalKultura.com-en standak, ohi bezala, Diasporarekin zerikusia daukaten materialak azaldu zituen, tartean mundu osoko euskal etxe eta komunitateei buruzko irudi-sorta bat ordenagailuan etengabe ikusgarri. Honelako hitzordu batean, eta Iparralde honetan familia guztietan Ameriketan ibilitako inor badelarik, Hego Ameriketan Argentina, Uruguai, Venezuela eta Txilekin harremanak dauzkaten bisitariak pasatu ziren eta, Ipar Ameriketan, Estatu Batuetako (Kalifornia, Nevada, Idaho, Virginia... bai Virginia), Quebec eta Mexikon dauzkatenak.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus