euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

250 pertsonatik gora bildu ziren Parana-ko Kultur Etxera Urrundik-en dantza ikuskizunaz gozatzeko

2009/08/10

Urrundik-eko dantzariak euren bizitasuna, poza eta abildadea agertarazten Paranan joan den abuztuaren lehenean
Urrundik-eko dantzariak euren bizitasuna, poza eta abildadea agertarazten Paranan joan den abuztuaren lehenean

PUBLIZITATEA

Aretoa jendez mukurru, Argentinako Parana hiriburu entrerriostarrak euskal dantzaz gozatzeko parada izan zuen joan den abuztuaren lehenean. Urrundik Euskal Etxeak antolatuta, emanaldia Juan L Ortiz Kultur Etxean gauzatu zen, Urrundik-en dantza taldeen eskutik, euskal kultur tradizioak dantza alorrean daukan aniztasun eta aberastasuna azaltzeko asmoz. 250 jende baino gehiago bildu ziren, agertokiaren gainean aurkeztutako ahalegin handia behar bezala txalotu eta babestearren.

Paraná, Argentina. Urrundik euskal etxe bereko iturriek xehetu dutenez, egitaraua Aurresku batekin hasi zen, ohorezko dantza hau bertaratutako publikoari eskaini zitzaiolarik. Jarraian txikien taldeak egin zuen taula gaineko lehenengo agerpena. Guillermo, Renzo, Santiago, Laurita, Aixa, Florencia, Daniel, Brisa eta Maitenak San Petrike dantzatu zuten, joko klasikoa, dantza urrats batzuk errepikatuz mugimenduak metatzen doana.

urrundik paraná dantzaris 2009 01

 [Joan den abuztuaren lehenean Paraná-ko ikuskizunean parte hartu zuten Urrundik-eko dantzariak]

urrundik parana dantzaris 2009 02

[Urrundikeko mutiko dantzari gazteak]

Jaialdiak aurrera egin ahala, daztariek dantzatu zituzten besteak beste Arretxinagako San Migel, Uztai haundiak, Arku dantza, Aulki dantza (txikien taldeak), Elziegoko dantza, Ezpatadantza, Makil dantza (txikiek), Fandango eta Arin Arin. Musika atsedenaldi bat ere eskaini zen ohol gainean, Juan Carlos Borras (gitarra eta ahotsa) eta Oscar Giles (zeharkako txirula eta txarangoa) protagonista, argentinar eta latinoamerikar errepertorioko aireak emanez, bi euskal kanturekin batera. Jaialdiaren azkenean, dantzariek osatutako kalejira luze batek agertokitik publikoarenganako bidea egin zuen, bertaratutako guztiak giroan are gehiago murgilaraziz.

urrundik parana dantzaris 2009 04

[Txikien taldeko neska dantzariak]

Haste-hastetik Argentinako hainbat agertokitan ibili izan den taldea da Urrundik-eko dantzariena, Uruguaiko Ekialdeko Errepublikako hiriburuan ere, Montevideon, ibili izan delarik. Besteak beste hutsik egin gabe parte hartu izan du Argentinako Euskal Aste Nazionalean, honako hiri eta urteetan: Necochea (2000), Mar del Plata (2001), Rosario (2002), Villa María (2003), La Plata (2004), Necochea (2005), Córdoba (2006), Rosario (2007) eta La Plata (2008).



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia