euskal diaspora eta kultura
2011/05/23
PUBLIZITATEA
Tandil, Argentina. FEVAko dantza tailerreko egitarauri jarraituz, Tandilgo Gure Etxea euskal etxeko kideek ekintzan parte hartuko zuten dantzariak jaso zituen joan den maiatzaren 14an, goizeko 9ak aldera, eta berehala ekin zitzaion ikastaroari. Goizeko klaseak Bahia Blancako Union Vasca euskal etxeko Josetxu Astolfi eta Manuel Irastorza zuzendarien esku egon ziren. Larunbarekoak bukatuta, tailerreko klase teorikoak hurrengo egunean, hau da, igande goizean jarraitu ziren, Astolfi eta Irastorza arduradun.
[Bahia Blancako Manuel Irastorza klasea ematen]
Larunbat arratsaldean, berriz, Aitor Alavak emandako klase praktiko batean murgildu ziren neska eta mutilak. “Oso hunkigarria izan zen hainbat dantzari biribilean Fandango, Arin Arin eta beste pieza batzuk dantzatzen ikustea”, adierazi dute euskal etxetik.
[Aitor Alavaren eskutik dantza batzuk egin zituzten dantzariek]
Oso arrakastatsuak izan ziren tailerrak; larunbat gauean egin zen taska bezain arrakastatsuak. Festa euskal etxeko Jai Alai trinketean egin zen, eta ikastaroetan ibilitako ikasleei euskal etxe anfitrioiko dantzari ohiak eta txikiak, eta beste euskal etxe batzuetako dantza taldeak gehitu zitzaizkien. Dantzak ikusteaz gain, Martin Tumbarinok zuzentzen duen “Gure Abestiak” abesbatza entzuteko aukera ere izan zuten Gure Etxea-ra hurbildu ziren lagunek.
[Etxeko txikiek Piñon Fijo pailazoaren abesti bat kantatu zuten euskaraz]
Ekintzarekin bukatzeko, klase teorikoaren bigarren zatia eman zuten Bahia Blancoko zuzendariek igande goizean eta horren ondoren euskal etxeko 'Sukalde' jatetxean bildu ziren etxekide eta gonbidatuak agur bazkarian parte hartzeko.
Tandilgo Gure Etxea Euskal Etxeak esker beroak eman nahi dizkio FEVAko lehendakari ordea den Juan José Olasagastia-ri topaketan egon izanagatik eta ekitaldia antolatzeko lagundu zuten euskal etxeko kide guztiei.
FEVAko Dantza Tailerrak
Argentinako euskal komunitateari luzatzen dion kultur eskaintzaren markoan, FEVAk gogorazten digu beste bi dantza tailer emango direla 2011 honetan. Hurrengoa, Cordoba probintziako Villa Maria hirian izango da, uztailaren 2 eta 3an. Hirugarren tailerra, ordea, Chascomus-en, urriaren 1 eta 2an.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus