euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

25 urteko ibilbide aberatsaren ostean, ateak itxiko ditu igande honetan Rosarioko 'Zazpirak Bat' jatetxeak

2019/12/27

Zazpirak Bat Rosarioko jatetxea
Zazpirak Bat Rosarioko jatetxea

PUBLIZITATEA

Rosario, Argentina. Datorren igandea, abenduaren 29a, azken eguna izango du zabalik Rosarioko Zazpirak Bat Euskal Etxean funtzionatzen duen izen bereko jatetxeak. Aguirre-Soraluce familiaren bozeramaile eta jatetxeko chefa den Itziar Aguirrek eman du berria sare sozialetan, agurra baino gehiago laster arte bat dela esanez. EuskalKultura.eus-ekin hizketan, Aguirrek azaldu du ziklo baten amaiera eta berri baten hasiera dela eurentzat eta gauza berriak datozela 2020 urtean:

“Oso gustura eta harro gaude orain arte hemen egin dugun lanarekin baina erronka berriei eusteko gogoa ere badugu”, adierazi digu. Eta nahiz eta oraindik xehetasunik ez eman, euskal sukaldaritzaren munduan jarraituko dutela baieztatu du Argentinan, nazio mailan, eta nazioartean Latinoamerika osoan ospe handikoa den chefak: “Ondoen egiten dakigunarekin jarraituko dugu, irmo segituko dugu Euskal Herriko gastronomia garatzen”, baitetsi du.

Azken agurreko hitzetan, esker beroak luzatu dizkie Zazpirak Bateko arduradunek bertan ‘euren etxea aurkitu zutenei”. Eta kontaktuan jarraitzera ere gonbidatzen ditu, oraingoz sare sozialen bidez (@Restaurante Zazpirak Bat).

Jatetxearen historia

Zazpirak Bat- Cocina Vasca jatetxea 1995ean jaio zen Rosarioko izen bereko Euskal Etxearen baitan. Arantza Soraluce eta honen alabak Itziar eta Ainhoa Aguirre arduradun, nazioarteko sariak ez ezik, Euskal Herriko gastronomiaren adierazlerik gorenen bisitak ere jaso izan ditu azken 25 urte hauetan, konparazio Juan Mari Arzak eta Karlos Argiñanorenak pare bat aipatzeagatik. Garrantziko euskal politikariek ere afaldu izan dute jatetxean Rosariora etorritakoan, tartean esaterako Jose Antonio Ardanza eta Juan Jose Ibarretxe lehendakariek berek.

Arantza eta Itziar chefen eskutik, gainera, Euskal Etxearen mugak gainditu egin dituzte euskal platerek eta telebistara eta gizataldeen jaialdietara ere zabaldu izan dira, Rosarion eta Buenos Airesen. Izan ere, ‘BAC-Buenos Aires celebra al País Vasco’ festan hartu izan du parte jatetxeak, eta telebistan, eskarmentu handiko sukaldari ezagunak dira pantaila txikiko gastronomia munduan Aguirre-Soralucetarrak, euskara gorde duen familia gainera.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia