San Frantzisko, AEB. Mikel Urdangarin musikari zornotzarra “25 Tour” izeneko nazioarteko birarekin ari da ospatzen 25 urteko bere musika ibilbidea. Maiatzaren hasieran bi kontzertu eman zituen New Yorken, 5ean Brooklyngo Jalopy Theatre antzokian, eta 8an, Manhattango Theatre At St Clements aretoan, eta orain herrialdeko beste puntara bidaiatu eta mendebaldeko kostaldean hiru kontzertu emango ditu Kalifornian.
Asteazkenean, maiatzaren 25, San Frantziskoko Basque Cultural Center-en joko du arratsaldeko 7.30etan. Asteburura hurbilduz, bi emanaldi eskainiko ditu Bakersfield-en: ostiralean, hilaren 27an, Cal State Universityko Dore Theatre aretoan arituko da eta larunbatean, hilaren 28an, Kern County Basque Club-en, Euskal Etxeak antolatutako 48. Euskal Bestaren barruan. Hiru kontzertuak doakoak izango dira.
Urdangarin ez da bakarrik igoko oholtzara, hiru euskal musikari handi izango ditu lagun: Rafa Rueda (gitarra eta gitarra elektrikoa), Jon Cañaveras (baxua) eta Ander Hurtado Saratxo (perkusioa). Zornotzarra entzuteko aukera paregabea den honetan, musikariak bere ametsa beteko du, berak idatzitako euskarazko abestiak Euskal Herritik haratago ekarririk. “25 Tour” bira ez da Kalifornian amaituko; izan ere, ekainean Euskal Herrian kontzertu gehiago eskainiko ditu, urrian Bartzelonan eta azaroan Londresen eta Madrilen.