euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

25 artisten lanek osatzen dute Santa Rosan “Dora Valsechi Sarratea” Arte Biurtekoa, Zelaiko Euskal Etxea antolatzaile

2016/09/27

“Dora Valsechi Sarratea” Pampako Arte Bienala irailaren 23an inauguratu zen Santa Rosako Udaleko Kultur Gunean
“Dora Valsechi Sarratea” Pampako Arte Bienala irailaren 23an inauguratu zen Santa Rosako Udaleko Kultur Gunean

PUBLIZITATEA

La Pampa probintzia argentinarreko Santa Rosa hiriburuko Udal Kultura Etxea du egoitza joan den ostiralean inauguratu eta gaurdaino ateak zabalik izango dituen 'Imágenes Bascas' (Euskal irudiak) erakusketak. Bertako Zelaiko Euskal Etxeko buruzagiek adierazi dute, jardueraren sustatzaile nagusia izandako Dora Valsechi Sarratea bereziki omendu nahirik, aurrerantzean Biurtekoak haren izena hartuko duela. Izendapen horren berri Dora Valsechiren seme-alabek jaso zuten bertan, ama osasunez ahul baitabil.

Santa Rosa, Argentina. Erakundearen 24. urteurreneko ospakizun programaren barruan inauguratu zuten joan den ostegunean erakusketa Zelaiko Euskal Etxeko lagunek. Margolari, artisau eta argazkilarien lanak batzen dituen jarduera hau bi urtetan behin antolatzen du euskal erakundeak ‘Euskal Irudiak’ izenpean. Aurten, eta proiektuaren sortzailea izan den Dora Valsechi Sarratearen omenez, “Dora Valsechi Sarratea” Pampako Arte Biurtekoa izenarekin berbataiatu dute kultur ekintza.

Honako artistak dira aurtengo erakusketako protagonistak: Jesus Los Arcos Vidaurreta, Marta Arangoa, Horacio Paturlane, Ana Inchaurraga, Laura Eyheramono, Osmar “Bocha” Sombra, Dora Valsechi Sarratea, Maider Bercetche, Carlos Corsini Rincon, Maria Cristina Savio, Maria C. Basterrechea, Paula Inchaurraga, Valeria Garcia Oyarzabal, Teresa Uriza, Florencia Semper, Delia Hernandorena, Haydee Semper, Julieta Piña Sacco Semper, Julia Yurrita de Lino, Sergio Ibaceta, Rafael Echaniz, Ricardo Echaniz, Santiago Echaniz, Teresa Lopez Lavoine, Elvira J. Aguirre de Pereyra eta Maria Laura Sacco.

Inaugurazio ekitaldian, Santa Rosako Zelaiko Euskal Etxeko lehendakari Angel Baraybarrek izan zuen erakusketa aurkezteko ardura. Opari bat ere eskuratu zieten Euskal Etxeko lagunek Dora Valsechi Sarratearen seme-alabei –Valsechi Sarratea andrea ezin izan zen bertaratu osasun arazoengatik– eta zeremoniari amaiera emateko, Euskal Etxearen izenean baita ere Armando Inchaurraga mintzatu zen, pintxo dastaketa batera pasatu aurretik.

Euskal Etxeak esker beroak luzatu nahi dizkie Santa Rosako Udalari aretoa uzteagatik eta “La Bodega” denda eta “Santa Rosa” ortopediari euren babesa emateagatik.

“Dora Valsechi Sarratea” Pampako Arte Bienala irailaren 30era arte ikusi ahal izango da Santa Rosako Udal Kultur Etxean.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia