euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

25 artistek euskal musika aurkeztuko dute ostegunean Frantziako hiriburuan 'Parisen Kantaldi' jaialdiarekin

2007/06/19

'Parisen Kantaldi' euskal jaialdiaren afitxa
'Parisen Kantaldi' euskal jaialdiaren afitxa

PUBLIZITATEA

Euskal musika entzun ahal izango da etzi Sena ibaiaren ertzean, Ekimen konpainiak eta Begatto Kitchen taldeak antolatu duten 'Parisen Kantaldi' jaialdiari esker. Arratsaldeko 18:30etatik eta gaueko 23:30ak arte 25 euskal kantari, dantzari eta musikari arituko dira Île de la Cité irlan dagoen Dauphine place ezagunean. Anaiki korua, Jean Bordaxagar, Robert Larrandabürü, Juana Etchegoin musikaria... izango dira besteak beste entzungai, urteroko hitzordua bihurtzeko gogoz plazaratuko den kantaldi honetan.
Place Dauphine Sena ibaian dagoen Île de la Cité irlan dago, Pont Neuf eta Notre Dame katedralaren artean. Ingurune ederra zinez, etzi osteguna euskal musikaren besta kolorez beteko dena. Ekimen Konpainiak eta Begatto Kitchenek antolatu dute jaialdia, 'Parise herri bihotzean kantaldi bat antolatze xedearekilan', arduradunek azaldu dutenez. Ikusgarrian 'kantariek, dantzariek eta sonuegileek erakutsiko dute nola nahasten diren tradizional eta moderno arnasgorak gaurko euskal kulturan'.

Kantari eta musikari ugari pasako dira Place Dauphineko taula gainetik, arratsaldeko 18:30etan hasi eta gaueko 23:30ak arte. Horien artean arituko da Pariseko Anaiki korua, Jean-Mari Guezalak zuzentzen duen taldea. Hogei urteko bidea egin du Anaikik eta bere 30 kantariek euskal kanta herrikoien altxor handia ezagutzera eman ohi dute euren emanaldietan, konposizio berriekin batera. Jaialdian arituko den beste korua, Melo'men da, 80 kideek osatzen duten nazioarteklo koru paristarra.

Abesti tradizionalak eta kantari gazteak

Kantarien arloan, Audrey Carrique abeslaria izango da entzungai; Jean Bordaxadarrek, Robert Larrandabürük, Jean-Pierre Lurok eta Jean Noël Pinquek osatzen duten laukoteak Xiberoko doinuak ekarriko ditu; eta Sylvain Lafitte, Cédric Samalbide eta Gilles Lafittek belaunaldi gazteago baten ikuspegia eta kantatzeko moldeak erakutsiko dituzte. Soinujoleen aldetik Juana Etchegoin txistularia, Jokin Irungarai eta Mirentxu Lazcano (pandero, atabal, akordeoia); Johanes eta Pette Etxebarria txalapartariak eta Jean-Charles Sans eta Olivier Artzanurruti (txülüla, ttun ttun, atabala) arituko dira.

Jaialdian dantzak ere izango du bere lekua. Laurence Lavigne eta Jon Iruretagoiena gazteek fandangoak eta aurreskuak dantzatuko dituzte eta Isabelle Bouillon, Julie Ahaspe, Laurentx Oihenart, Stéphanie Ahaspe eta Audrey Carriquek osatzen duten taldeak Xiberoko dantzetan oinarritutako erakustaldia eskainiko du.


Lotura interesgarriak

Parisen Kantaldi
www.musikarenbesta.com

Anaiki Korala
www.anaiki.com

Jean Bordaxagar
www.jean-bordaxar.com


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia