euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

25.000 artikuluen muga gainditu du euskal Wikipediak, sareko entziklopedia askearen euskarazko bertsioak

2008/04/08

Euskarazko Wikipediaren azaleko irudia
Euskarazko Wikipediaren azaleko irudia

PUBLIZITATEA

Euskarazko Wikipedia entziklopedia askeak 25.000 artikulu baino gehiago biltzen ditu jada. Wikipedia internet bidez eskuragarri dagoen entziklopedia askea da, doanekoa. Gainera erabiltzaileek beraiek doaz osatzen eta edonork idatzi eta gehitu ditzake artikuluak. Wikipediak munduko hizkuntza askotan bertsioa du eta euskarazkoa gutxinaka-gutxinaka ari da osatzen. Duela urtebete 16.000 artikulu zeuden bertan eta euskal erabiltzaile talde batek euskal bertsioa aberastu eta osatzeko deialdia egin zuen. Erantzuna ona izan da eta egun 25.000 artikulutik gora dago jada.
Euskarazko Wikipediaren webgunean bertan Wikipedia idatzi eta honela azaltzen da ekimen erraldoi honen deskribapena: 'Wikipedia entziklopedia eleanitza, web-oinarriduna eta eduki askekoa da. Wikipedia mundu osoko bolondresek idazten dute. Bertako artikuluak Internetera konektatutako edozeinek idatzi ditzake, 'aldatu' lotura sakatuz'.

Izan ere, edonork parte hartu eta bere ahalegintxoa gehitu ahal izatea da webgune handi honen ezaugarri nagusienetako bat. Wikipediaren jatorria Nupedia entziklopedia asketik etorri zen. Nupedia, adituek idatzitako entziklopedia askea zen, 2000. urtean sortua. Bere funtzionamendua entziklopedia arrunten funtzionamenduaren antzeko zen: hainbat kide jakitunek artikuluak idatzi eta berrikusi behar zituzten publikatu aurretik.

Nupediatik Wikipediara jauzia

Artikuluak berrikusi behar izateak prozesua moteldu egiten zuen eta 2001ean 'wiki'-a irekitzeko proposamena zabaldu zen. Wikiaren filosofiaren oinarria edonork idazteko aukera ematea zen eta helburua, Nupediaren hazkuntza zen, hau da, bertan idatzitako artikuluak geroago Nupediara gehitzea, adituren batek berrikusita. Baina Nupediako askok ez zuten gustukoa metodo berria eta Nupedia eta Wikipedia banatu egin ziren.

Wiki filosofiak harrera oso ona izan zuen eta entziklopedia ingeles hutsean hasi bazen ere berahala ekin zioten beste hizkuntza batzuetako bertsioak garatzeari. Lehenengo urtean 20.000 artikulu zituen 18 hizkuntza ezberdinetan eta 2006aren hasieran jada 2.600.000 artikulu baino gehiago, 205 hizkuntzatan... Aipagarria da 2003rako Nupedia ekimena saretik kanpo gelditu zela, eta egun bertan garatu ziren artikuluak Wikipedian jasota daudela.


Lotura interesgarriak

Euskarazko Wikipedia bloga
wikipedia.zabaldu.com

Euskal Wikipediarako kide berriak biltzeko bloga sortu dute
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko otsailaren 10ean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia