euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Paraná-ko Presencia Vasca irratsaio argentinarrak ehun mezu jasoz hasi du bere 24. denboraldia

2014/03/10

Federico Borras eta 'Presencia Vasca' saioaren kolaboratzailea den Mikel Ezkerro
Federico Borras eta 'Presencia Vasca' saioaren kolaboratzailea den Mikel Ezkerro

PUBLIZITATEA

Martxoaren hasierarekin batera, kaskoak jarri ditu berriro ere Federico Borras-ek 'Presencia Vasca' irratsaioaren 24. denboraldiari ekiteko. Entre Rios probintzia argentinarreko Parana hiritik, harrera paregabea izan zuen emanaldiak entzuleen artean. Izan ere ehun bat lagun jarri ziren kontaktuan programarekin agurtu eta ziklo berrian zorte ona opatzeko. Borrasek EuskalKultura.com-i azaldu dionez, saioak bere ohiko formatuaei eutsiko dio, Mikel Ezkerroren zutabea, elkarrizketak, berriak eta euskal musika barne; eta nobedade gisa, euskara zabaltzeko proposamen berri bat ere egongo da.

Paraná, Argentina. Udako oporraldia bukatuta martxoaren 2an egin du 'Presencia Vasca' saioak 2014ko denboraldiko lehenengo emanaldia. Federico Borras aurkezle, Paranan eta Argentinan ez ezik, Euskal Herrian ere izan zuen saioak oihartzun handia, internet eta teknologia berriei esker.

“Lehenengo emisioak ehundik gora mezu jaso zituen telefonoz zein sare sozialen bidez. Tartean Iparraldeko Benoit Etxeberri-ren deia jaso genuen eta airean jarri genuen, noski”, kontatu dio Urrundik euskal etxeko lehendakari ohi Federico Borrasek EuskalKultura.com-i.

Horretaz gain, eta ziklo berriari dagokionez, 'Presencia Vasca'ren egileak jakinarazi digu programak oro har aurreko urteetako estiloari jarraituko diola, baina berrikuntza batzuk baztertu gabe.  “Ohi bezala, betiko kolaboratzaile eta etxeko laguna den Mikel Ezkerroren editorialak izango ditugu; elkarrizketak ere egingo dizkiegu politika eta kultur arloetako izen handiko lagunei, hemengoei zein Euskal Herrikoei. Gure asmoa da orain arte egindako bidetik jarraitzea, esan nahi baita momentuko gaiak saihestu gabe eta ikuspegi pluralista eskainiz. Argentinako eta Paranako euskal gizataldeetako berriak ere emango ditugu eta nobedade moduan, bizpahiru minutuko testuak aurkeztuko ditugu euskaraz. Hezkuntzari bultzada bizkorragoa ematea da helburua”.

Beste alde batetik, eta nahiz eta data berez martxoaren 1a izan, apirilean ospatuko du saioak bere urteurrena, Urrundik euskal etxearen urtebetetzearekin batera. Hitzordua, apirilaren 13an finkatu da, eguerdian, Paranako El Circulo Hotelean.

Gogora dezagun 'Presencia Vasca' igandero emititzen dela, --martxoan goizeko 10etatik 11etara baina apiriletik aurrera 11etatik 12etara-- Radio Universidad-en (105.7 Mhz); bertakoak ez direnek ere badaukate saioa entzuteko aukera, internet bidez, irratiaren webgunetik: www.fmuniversidad.com. Programarekin kontaktatzeko, hauexek dira bideak: 0343 4347777 telefonoa, presenciavasca@gigared.com helbide elektronikoa eta “Presencia Vasca Paraná” Facebook-eko kontua.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia