euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

220 lagunetik gora, omenaldiak, bozkarioa eta dantza giro ederra La Platako Euzko Etxearen 80 urteetako jai handian

2024/05/16

Ezker irudian, Iñaki Aramayo, Gustavo & Sara Pagola, Javier Clúa, Carlos Bonicatto, Iñaki Azcarate, Ignacio Jaureguiberri, Asier Iriberri, María de los Ángeles Berrueta & Susana Aramburu. Eskubian: Javier Clúa & Asier Iriberri EEko eta FEVAko lehendakaria
Ezker irudian, Iñaki Aramayo, Gustavo & Sara Pagola, Javier Clúa, Carlos Bonicatto, Iñaki Azcarate, Ignacio Jaureguiberri, Asier Iriberri, María de los Ángeles Berrueta & Susana Aramburu. Eskubian: Javier Clúa & Asier Iriberri EEko eta FEVAko lehendakaria

PUBLIZITATEA

La Plata, Argentina. Adin guztietako 220 lagun baino gehiago batu ziren La Platako Euzko Etxearen 80 urteak ospatzeko eskainitako afarira, emozioa eta bozkarioa partekatuz festa bikainean. Jaia joan den larunbatean, maiatzaren 11an, izan zen Euzko Etxearen Kiroldegian, Argentinako diasporako ordezkariak eta bertako agintariak partaide. Dantzariek euskal dantza tradizionalen ikuskizuna eskaini zuten, ezinbesteko fandango batekin itxita. Giroak eztanda egin zuen orduan eta lagun ugari batu ziren dantzara. Euskal Herriko erritmoen ostean, diskoa, kunbia eta reggaetona iritsi ziren eta festa ez zen gelditu goizaldera arte.

 
Euzko Etxeko hiru taldeetako dantzariak: txikiak, ertainak eta nagusiak, Denak Bat, festaren antolatzaile

Biziki txalotu zituzten Euzko Etxeko hiru dantzari taldeak. Txikienen samurtasuna, Elena Bilbao zuzendari Itziar Aramayo laguntzaile; ertainak, euren freskotasunarekin, Dolores Basilico eta Constanza Buonarrotir zuzendari; eta “Denak Bat”, zaharrenak, Andoni Azcaratek zuzendutako taldea, ospakizuna arrakastatsua izan zedin egindako lan handiagatik ere laudatua oso.  Urteurren festako beste une gogoangarri bat Andreen Batzordeko emakumeek Beatriz Aramayori egindako omenaldia izan zen. Izan ere, Beatriz Aramayo izan da La Platako Euzko Etxearen historian lehendakari izan zen lehenengo emakumea eta, oraingoz, baita bakarra ere.

 
Beti Aramayo (seigarrena ezkerretik), La Platako lehen emakumezko lehendakaria, Euzko Etxeko Damek omendua,

“Gure esker ona helarazi nahi diegu Urteurrenaren Jaira etorritako guztiei, eta prestaketa lanetan parte hartutako guztiei ere. Aretoa eta mahaiak apaintzeaz arduratu zen taldeari, horretarako materiala eman zuenari, baina bereziki, nagusien dantza taldeari, Denak Bati, haiek arduratu baitira janaria prestatzeaz, mahaiak zerbitzatzeaz, disc-jockeya kontratatzeaz... azken batean, festa oso antolatzeaz, benetan harro gaude”, adierazi dio EuskalKultura.eus-i Euzko Etxeko lehendakariorde Maria de los Angeles Berruetak.

 
Euskadiren Argentina-Mercosurreko ordezkari Sara Pagolak ikurrina oparitu zion Euzko Etxeari; eta Matxin Burdingo liburuzain Susana Arambururi, Etxepare Euskal Institutuaren argitalpen bilduma. Argazkian, Clúa, Aramburu eta Pagola

Ospakizunetara bertaratu ziren, besteak beste, La Platako Kontzeju Deliberante Ohoragarriko lehendakari Marcelo Galland, Udal Gobernuko Kabineteko buru Carlos Bonicatto, Euskadiren Argentina-Mercosurreko ordezkari Sara Pagola Aizpiri, FEVAko lehendakari Asier Iriberri eta Magdalenako Ongi Etorri Euskal Etxeko lehendakari Ana María Ondarçuhu. Horiek guztiek oroigarri eta omenezko plakak eman zizkieten anfitrioiei, eta zorionak eta esker ona adierazi zioten Euzko Etxeari. Bideo bidez, agur birtuala bidali zien Gorka Álvarez Aranburu Eusko Jaurlaritzako Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendariak. Eta jasotako gugunen artean, Limako (Peru) Arantzazu Euzko Etxeak bidalitakoa aipatu dute antolatzaileek.

Zorionak, Euzko Etxea!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia