euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

21. Euskal Pesta Montpellierren, Maiana Betelu lehendakaria buru duen zuzendaritza berria elkarretaratzean aurkezturik

2024/10/01

Montpellierreko Euskal Etxeko Euskal Pesta. Irudian, partaideak Jean-Louis Bergara eta Beñat Chaubadindeguy musikari gozatzen
Montpellierreko Euskal Etxeko Euskal Pesta. Irudian, partaideak Jean-Louis Bergara eta Beñat Chaubadindeguy musikari gozatzen

PUBLIZITATEA

Montpellier, Frantzia. Montpellierreko Eskualdunak Euskal Etxeak urteroko bere euskal jaia ospatu  joan den irailaren 22an, Clapiers-eko Jean-Louis Barrault Aretoan, Paris, Marseilla eta Lyon hirietako euskal etxeko ordezkariak ere lagun. Jaialdiari hasiera emateko, Joseph Ainciburu lehendakari ohiak hitz batzuk zuzendu zizkien bildutakoei eta horren ostean, hamaiketakoaren eta musikaren txanda heldu zen. Euskal Herritik propio etorritako Jean-Louis Bergara eta Beñat Chaubadindeguy musikariek alaitu zuten zintzur bustitzea eta eguerdi-arratsaldea..

Elkarretaratzea baliatuz, Philippe Lamarque Euskal Etxeko lehendakariordeak oraintsu arteko zuzendaritzak egindako lana eskertu zuen. Agintari berriak ere aurkeztu zituen, tartean lehendakari berria den Maiana Betelu, Jean-Marc Senacq diruzaina eta Laida euskara arduraduna. Bazkalostean hainbat hilabetez entseatutako ‘Lekorneko Gabota’ taularatu zuten Euskal Etxeko dantzariek. Arratsaldean, dantzariak ez ezik, bildutako guztiak animatu ziren dantza egitera.


Euskal Etxeko dantzariek ‘'Lekorneko Gabota’ taularatu zuten 

“Urteroko Pesta hau, urte guziz irail hondar aldean egin ohi duguna, une berezia da guretzat”, esan diote EuskalKultura.eus-i euskal etxe okzitaniarretik; “Bi hamarkada hauetan gure muina mantentzea lortu dugu: galdu gabe bizikide izatea, biltzea, Montpellier hirialdean euskal kulturari eusteko erronkari fier atxikitzea, eta horrek bozkarioz betetzen gaitu”, esan digute gogotsu.

- Montpellierreko Eskualdunak Euskal Etxea Instagramen, euskaldunak34
- Hiruak Bat buletineko zenbaki guztiak, hemen



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia