euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Arrakastaz amaitu da Argentinako San Nicolasen Euskara Munduan-go 2014ko Udako Barnetegia

2014/01/28

Barnetegiko ikasle eta irakasleak, euskal etxeko eta FEVAko agintariekin (argazkia EuskalKultura.com)
Barnetegiko ikasle eta irakasleak, euskal etxeko eta FEVAko agintariekin (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Asteburuarekin bukatu da HABEk kudeatzen duen Euskara Munduan programako 2013-2016 tarteko hirugarren barnetegia, San Nicolas hiri argentinarreko Euzkal Etxean. Ikastaro trinkoa urtarrilaren 18an hasi zen eta Argentina, Brasil, Txile eta Uruguaiko ikasleak bildu zituen. Barnetegia bukatuta, irakasleentzako trebakuntza burutu zen Euzkal Etxea-ren egoitzan bertan. Euskara irakasleen lehenengo topaketa honetan euskal etxeetan dagoeneko aritzen diren ikasleak elkartu ziren euren esperientziak elkarrekin trukatzeko. Etorkizunari begira, 2014ko neguko barnetegiaren data -uztailaren 19tik 26ra- iragartzeaz gain, irakasleen topaketak udaro errepikatzeko asmoa ere adierazi du Kinku Zinkunegi HABEko ordezkariak.

San Nicolas, Argentina. Joan den larunbat eguerdian eman zieten azken agurra San Nicolaseko Euzko Etxea-ko kideek 2014ko Udako Barnetegian parte hartu zuten euskara ikasleei. Ohi bezala, barnetegiak astebete iraun du eta lehentasuna mintzamena lantzea eta on line ikastaroan ikusi eta ikasitako gaiak praktikan jartzea izan da.

Gogora dezagun HABEk, euskal etxeen federazioekin eta euskal etxeekin batera kudeatzen duen Euskara Munduan programak euskara irakasleen formakuntza daukala helburu, eta horretarako euskara ikasteko engaiatzen diren ikasleak hartzen dituela eta lau urteko formakuntza ematen diela, beti ere ikasitakoa atzera ekarri eta eurak datozen euskal etxeetan irakasle bilakatzeko konpromisoarekin. Ikasleetako asko zerotik hasten dira eta lau urteren buruan ezagutza maila nahikoa hartzen dute aldi berean irakasten hasteko, ikaste prozesu baten baitan.

Joan den asteburuan, 2014ko Udako Barnetegia bukatzean eta ekitaldiko balantze moduan, HABEko teknikari eta programaren arduraduna den Kinku Zinkunegik taldearen egoera aztertu du EuskalKultura.com-entzat, oso balantze baikorra eginez: “Orain arteko bideari erreparatuz gero, esan dezakegu (lau-urteko planeko) lehenengo barnetegia, hemen San Nicolasen egin genuena, batez ere girotzeko izan zela; oraindik ikasle gehienek ez zekiten ezer orduan lehenengo kontaktu bat izateko moduan antolatu genuen. Uztailekoa, berriz, Rosarion egin genuena, har daiteke on line ikastaroko lanen ondoren lehenengoa bezala eta seguruenik horregatik jendea nahikoa urduri edo presionatua sentitu nuen; oraingoa, baina, sekulako sorpresa izan da niretzat, jendea lasai ikusi baitut; nire ustez urtebete honetan asko ikasi dute eta hitz egitera ausartzen dira, bakoitzak daukan mailarekin, nahiz eta gogoan izan behar dugun oraindik lehenengo urtea baino ez dutela. Oso ahalegin handia egiten ari dira euskaraz hitz egiteko eta emaitza bistan da, benetan pozgarria da. Beraz, taldeak daraman bilakaera azpimarragarria dela iruditzen zait. Ez ahaztu ikasle hauek bakarrik ikasten dutela urtean zehar, batzuk oso bakarrik, eta hona etorri eta ikasitakoa praktikan jartzeko duten gaitasuna gailentzekoa da”, dio Zinkunegik.

“Bestalde, orain arte, aurreko taldeekin kontutan hartu duguna jendearen asistentzia izan da, jendeak lanak egiten zituen ala ez, eta ez horrenbeste emaitzak edo maila; beraz, lanak egiten bazituzten aurrera jarraitzeko aukera zuten. Oraingoan, berriz, mailari ere begiratuko geniola erabaki genuen, bestela erritmoa jarraitzen ez dutenak nolabaiteko ‘zama’ bihurtzen dira taldearentzat eta asmoa da ahalik eta talderik homogeneoarekin ailegatzea 2016ra. Momentu honetan hogeita hamahiru ikasle daude erremotoan eta horietatik hogeita hiru etorri dira barnetegira. Baina etorri ez direnen artean, bi izan ezik, gainerakoak etortzeko arazo pertsonalen bat izan dutelako ez daude hemen. Beraz, oraingoz nire inpresioan eta egunotan ikusi dudanagatik begi onez ikusten dut taldea, ez dut inor ikusten taldetik ateratzeko moduan”.

Irakasleen I. Topaketa

Barnetegia amaitutakoan, Euskara Munduan programako aurreko edizioetan trebatutako lagun talde batekin bildu zen Zinkunegi San Nicolasen, Euskara Irakasleen I. Topaketa burutzeko. Lau urteko  formakuntza bukatu eta bakoitza bere euskal etxean irakasle ari den jendeak ziren. Didaktika eta klaseko esperientziak abiapuntu harturik, elkarlana bultzatu eta gauzatzeko asmoaz ere hitz egin zen larunbat eta igandean burututako bileretan.

“Argentinan irakasle mordoa dago, gehienek klaseak ematen dituzte beren euskal etxeetan. Eta gertatzen da, adibidez, Euskara Munduan-en aritu zen azkeneko taldeak ia duela bi urte bukatu zuela, beste batzuek duela sei urte bukatu zutela... eta ez garela heiekin berriro elkartu; ideia FEVAtik sortu zen eta ni guztiz bat nator proposamenarekin: uste dut oso ona dela jendea elkarrekin biltzea, ez bakarrik euskara ikasteko, baizik eta esperientziak trukatzeko, batak bestearen berri izateko. Joan den asteburuan egin dugun hau lehenengo bilkura izan da eta ziur aski uztailean beste bat egingo da, oraingoan etorri ezin izan direnekin ere. Izan ere, nik proposatuko nuke urtero topaketa bat egitea udako barnetegiaren inguruan, urtarrilean, kontuan hartuta ikasturtea hemen martxoan hasten dela. Uste dut oso lagungarria izan daitekeela, batez ere irakasle berrientzat, eskarmentu gutxiago daukatenentzat. Lanean ari garen irakasleon artean ikasturteko plana adostea, ez bakarrik programari edo hizkuntzari dagokienez, ekitaldiei dagokienean ere baizik. Hor leudeke ekainean egiten den Irakurmena edo Euskararen Eguneko ospakizuna. Denon artean adosten badugu uste dut errazagoa dela eta askoz emankorragoa”, adierazi du irakasle donostiarrak.

I irakasleentzako topaketa 2014 01

[Larunbat eta igandez irakasleentzako trebakuntzan harte partu zuten irakasleak: zutik, Alejandra Bengoechea, Kinku Zinkunegi, Natalia Hormazabal, Esteban Capurro, Sabrina Otegui eta Paulina Lorda; eserita: Rocio Basterra, Nieves Castillo, Alicia Itcea, Gabriela Mendia, Alejo Conti eta Mari Carmen Itcea ]

Bukatzeko, Udako Barnetegiaren antolaketaz eta irakasleen jardueraz ere hitz egin zigun Kinku Zinkunegik San Nicolas utzi aurretik: “Alde batetik gailendu nahi ditut eskolak ematen aritu diren Gabriel Arce, Natalia Hormazabal, Gabriela Mendia eta Sabrina Otegui irakasleen ahaleginak eta lana. Beste alde batetik txapela kendu beharra dago San Nicolaseko euskal etxeko batzordeak eta bazkideek gurekiko duten jarreraren, borondatearen eta lanaren aurrean. Edozein arazo gertatuta dela ere gu konturatu orduko konpondu izan dute. Izan ere, euskal etxean egun osoan izan dira zer emango, zer eskainiko, ateak irekita etxean bezala; paregabea izan da antolaketa eta euskal etxeak egin digun harrera”.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia