Sao Paulo, Brasil. Martxoarekin batera ikasturtea hasi ohi da Brasilen —uda urtaroa hemen martxoaren 21ean bukatuko da eta eskola urteak urte naturalekin doaz— eta Hego Amerikako euskal etxeetan eta Sao Pauloko Eusko Alkartasuna urteko egitarauari ekiteko garaia da. Brasilgo euskal etxeen dekanoak aurten ere eskainiko ditu euskara eskolak eta taldea antolatzeko lehenengo bilera martxoaren 19an izango da, arratsaldeko 7etan.
Ikastaroa, izan ere, on line izango da, beraz herrialde osoko bazterretatik jarraitu ahal izango dute. Eskolak Etxepare Euskal Institutuak kudeatzen duen Euskara Munduan programaren barruan antolatuko dira eta Sabrina Otegui argentinarra izango da irakaslea. Informazio gehiago eta argibideak eskatzeko edo izena emateko, idatzi mesedez centrobasco.ea.sp@gmail.com helbidera.
‘Gernika bizirik’
Apirilean, berriz, Sao Pauloko euskal ekitaldi nagusia ‘Casa Guernica’ GKEak antolatuko duen ‘Gernika Viva' (Gernika Bizirik) Astea izango da. Ekitaldi honen laugarren edizioa apirilaren 26an hasiko da eta maiatzaren 2ra arte luzatuko, kultur arlo ezberdinetako proposamenak batuz.
GERNIKA BIZIRIK ASTEA 2025
- Apirilaren 26an, larunbata, 9:30etan: Kultur interbentzioa Alexandre Orion artistarekin, hiriko leku publikoetan.
- Apirilaren 27an, igandea: Bisita eta omenaldia Gernikako Arbolan, Sao Pauloko Huerto Florestal-en.
- Apirilaren 28an, astelehena, 10etan: Haurrentzako performancea, Ieltxu Ortueta euskal aktorearekin, Lar Sirion.
- Apirilaren 29an, asteartea, 10etan: Ana Estaregui idazle brasildarrak euskarazko poema batzuk irakurriko ditu Tapera Tapera liburu dendan.
- Apirilaren 30ean, asteazkena, 10etan: ‘Gernika eta Gazaren arteko lotura’ debatea, Fernando Lopez Castillo eta Reginaldo Nasser adituekin, Sao Pauloko Soziologia eta Politika Eskolan.
- Maiatzaren 1ean, osteguna: Collagea, Pablo Picassoren koadroa ardatz.
- Maiatzaren 2an, ostirala, 19etan: 'Gernika colectiva' auzolana. Artista brasildarrek elkarrekin egindako muralaren inaugurazioa, Sao Pauloko Cervantes Institutuan.
Gogora dezagun ‘Casa Guernica’ proiektua euskal jatorriko Ivan Zumalde brasildarrak sortu zuela duela sei bat urte. Jendaurreko beren ekitaldi nagusia, 'Gernika Viva' Astea, Gernikako Bonbardaketaren urteurrenaren inguruan antolatzen da urtero, beti demokrazia eta bakearen aldeko mezua aldarrikatzeko.