Tandil, Argentina. Ahitzen ari den den 2024 hau berri eta gertakari garrantzitsuen urtea izan da Tandilgo Gure Etxeko lagunentzat. Ahaztezinetako bat duela pare bat aste eskax, azaroaren 30ean, larunbatez, ospatutako 75. urteurreneko festa handia, 170 bat gonbidatu partaide. Festarako propio jantzita, Euskal Etxeak egitarau zabala eskaini zuen. Etxeko talde guztiek urtean zehar egiten duten lanaren fruitua erakusteko aukera izan zuten, sorpresa atseginak ere paraturik. FEVAko, Buenos Airesko Laurak Bateko eta Lapridako Lagunen Etxeko ordezkariak bertaratu ziren ospakizunarekin bat eginez.
Adin guztietako dantzariak aritu ziren oholtza gainean, tartean debuta egin zutenak
Heldu den urtea lan handikoa izango dutela jakitun, urtebetetze biribilak Euskal Aste Nazionalaren anfitrioi izatea gogora ekarririk, 75 Urteurreneko Jaia biziki gozatu zen azken txanparo ekin aurretik. Umeek, gazteek, helduek... bakoitzak bere hondar alea jarri zuen dena paregabe atera zedin. Iratxo Bihurriak taldeko dantzari txikiei, Barbara Azpiriz eta Mariana Juezek lagunduta, eta Betirako taldeko helduei, Sara Urbietaren zuzendaritzapean, haurren aita-amek osatutako Gurasoak taldea gehitu zitzaien eta bakoitzak, bere txandan, grazia handiz aurkeztu zituen bere dantzak. Gure Abestiak koruko ahotsek, Martin Tumbarino zuzendari, doinu ederrak abestu zituzten eta danbor-jotzaileek San Sebastian Martxa ekarri zuten, Joaquín García Iacovella danbor nagusi.
Gure Abestiak korua, FEVAren presentzia, Gure Etxeko dekoratzaileak eta danborrada
Baina tranpaldotik behera, eta aurrez aurre agertu gabe, jende askok egin zuen lan festa arrakastatsua izan zedin. Belen Berrozpe, Mariana Ballent eta Micaela Zabaletaren lanari esker, mahaiak dotore eta ikusgarri zeuden kokatuta areto guztian. Janari goxoa eta edari ona zerbitzatu zituzten eta bertaratutako guztiekin partekatzeko urtebetetze bi opil handi prestatu ziren. FEVAren izenean, Federazioko eta Mar del Platako lehendakari Asier Iriberrik plaka bat eman zion Gure Etxeko lehendakari Graciela Confalonieriri. Hunkigarria izan zen baita ere Maite Rodenas alkate berriaren kargu-hartzea, aginte-makila Hugo Lavayen alkate ohiaren eskutik jaso zuenean.
Zorionak Tandilgo Gure Etxea, eutsi lan onari!