euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

2024ko Munduko Mus Txapelketa: kitxuak eta euskarak bat egin dute muslariek Machu Pichura egindako bisitan

2024/10/25

2024 Munduko Mus Txapelketako muslari eta laguntzaileak Inken Haran Sakratuan, Peruko Andeetan (arg. Julen Ruiz de Azua, Mexiko EE)
2024 Munduko Mus Txapelketako muslari eta laguntzaileak Inken Haran Sakratuan, Peruko Andeetan (arg. Julen Ruiz de Azua, Mexiko EE)

PUBLIZITATEA

Lima, Peru. Euskal Gizataldeen arteko Munduko Mus Txapelketaren XLV. edizioa Peruko Urubamba Haranean eta Cuscon ari da jokatzen aste honetan Limako Euskal Etxea antolatzaile. Musaren inguruan euskal gizataldeak urtero antolatzen duen ekitaldi nagusia den hau joan den asteburuan hasi eta urriaren 26ra arte luzatuko da aurten. Larunbatean egingo dira azken partidak, sari-banaketa eta agur-afaria.

Lerro hauek idazten ari garenean [osteguneko saioak bukatuta, ostiral goizaldean] hamar partida jokatu dira –hamahiru dira guztira– eta lehenengo postuetan Argentinako, Nafarroakao eta Euskadiko bikoteak daude. Lehiaketa gogorra ari da izaten baina muslari eta ordezkaritzen artean adiskidetasuna gailentzen da. “Tarteka musa gure arteko adiskidetasuna indartzeko aitzaki ere iruditzen zaigu, familia handi bat izango bagina bezala baikabiltza. Musa arnasten dugu, jokatzen dugu eta musa dugu solasgai bakarra, baina batzuetan lehiaketa bigarren maila batera pasatzen dela irudi lezake”, dioskute.


Txapelketaren lehenengo momentuak: anfitrioiek akreditazioak egiten (argazkia EE)


Partidak urriaren 20an hasi dira (argazkia EE)

“Adibide gisa, Euskadiko muslarietako batek esan digu Mundialera etortzeko pasea lortu zuenean bere asmoa txapela irabaztea baizik ez zela, bere herrira eramateko. Baina Cuscora etorrita, bertako parajeak ikusita eta muslari talde zoragarri hau ezagutu eta gero, aitortzen du parte hartze hutsarekin irabazle sentitzen dela nolabait. Bistan da, txapela bereganatzen ahaleginduko dela, baina egun hauetako honen partaide izatea sari ederra dela dagoeneko”, Alberto Escobalek EuskalKultura.eus-i agertu dionez.

Urriaren 23an, asteazkena, egun librea markatzen zuen partiden programak eta Machu Pichu ezagutzeko aukera zeukaten espediziokideek. “Turismo apur bat ere egin dute egunotan eta ibilbideetan bertako herritarrak agurtu ahal izan dituzte. Bisitariek hemengo herritarrek kitxuaz egiten aditu zituztenean euskararekin konparatu zuten berehala”. “Kitxua euskara bezalakoa da, biak bertako herri hizkuntzak dira”, bezalako alderaketak errepikatzen zituztela esan digu Euskal Etxeko erreferenteak.


Mus Txapelketako parte-hartzaileak Machu Pichun (argazkia Julen Ruiz de Azua, Mexikoko EEarentzat)


Kitxuaz hizketan entzutean, euskararekin konparatu eta 'Kitxua Andeetako euskara da' zioten (argazkia EE)


Sailkapena ostiral goizeko datuekin. Argentina, Nafarroa eta Euskadi buruan momentu honetan

Gogora dezagun Euskal Gizataldeen arteko Mus Txapelketaren 45. edizioan partaide diren ordezkaritzak honako lekuetatik etorriak direla: Argentina, Australia, Kanada, Txile, Euskadi, Mexiko, Peru, Estatu Batuak, Uruguai, Venezuela, Frantzia eta Nafarroatik, muslariak, gehienetan euskal etxeetako mus delegatuak, eta baita laguntzaile taldeska polita ere. Informazio orokor gehiago, aurreko  artikulu honetan.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia