Donostia, Euskal Herria. Gainean dira dagoeneko Euskararen Nazioarteko Eguna (ENE) –Euskal Herrian asteartean ospatuko da instituzionalki, abenduaren 3an– eta urte bukaera. Eta mundu osoko euskal etxe eta unibertsitateak hasiak dira antolatzen euskaldunen hizkuntzari lotutako jai berezi hau, baita ere 2024 honi agur esateko ekitaldiak. Engaiamendu handiz ari dira prestatzen ikasle eta irakasleak euren proposamen eta ospakizunak, beti ere euskarari ikusgarritasun handiagoa emateko, eta urte osoko euren lana eta euskararen berri kaleratzeko. Literalki, hiri askotan kalea hartzen baitute euskaltzaleek, euren lana plazaratuz, euskara euskal egoitzetatik kanpo ere entzun eta ezagut dezaten.
Leku batzuetan aurreratu egon dira, hala nola Montevideon, bertan, Errepublikako Unibertsitatean, Etxepararen euskara irakurle Beñat Torresek deiturik, hitzaldi bat eman baitzuen online, ikasleei eta publiko interesatu oro gonbidaturik, Jon Sarasua bertsolari, soziologo eta ikertzaileak "Nola goaz? Eta nora goaz? Bi galdera desberdin euskarari begira” izenburupean. Ekitaldiak ia hogeita ahamar jende bildu zituen, Uruguai, Argentina, Txile eta beste herrialde batzuetakoak.
Bruselan, hiriburu europarreko Euskal Etxeak larunbat honetan, azaroaren 30ean deitu ditu bere bazkideak eta inguruko euskaldunak eta lagunak oro Euskararen Eguna ospatzearren. 12:30etan hasiko da jaia, Kantujira batekin, Euskal Etxeko euskal abesbatza ere partaide. Arratsaldeko ordu 2etan bazkaria iragarri da eta 3etatik 4etara bertso saioa, EHtik bidaiatutako Iker Letamendiak eta Naia Arrizabalaga partaide. 4etatik 6etara Euskaraokea izango, eta eguna amaitzeko, festa. Informazio gehiago, hemen.
Bere aldetik, europar kontinentean barrena, Berlingo Gernika Kulturverein Euskal Etxeak bi ekitaldirekin ospatuko du. Abenduaren 6an, arratsaldeko 7:30etan, euskara jolasgai iango da, Dylan Inglis irakasle britainiar euskaldunaren eskutik. Zizka-mizkak eta txakolinak lagunduko dute. Abenduaren 10ean, ostera, 4etan, ‘Linguistic relic or recent invention? Experience and debate around Basque dialect and standard’ hitzaldia, Dylanek ere emana, proposatzen da Freie Unibertsitatean (KL 29/239 gelan). Bi ekitaldiak doan dira. Informazio gehiago, hemen.
Kontinentetik kontinente ondoko uharteetara, maiestate britainiarraren hiriburuan bertako London Basque Society-Euskal Elkarteak ere urtero bezala ospatuko du ENE, giro familiarrean eta ekitaldi berean azken agurra emanez 2024ko ekintzei, Olentzero ere partaide izango duen Eguberri giroko bazkari eta festa batean. Londresko heldu eta haurren hitzordua, euskara gonbidatu berezi, abenduaren 7an izango da, Goodinge Community Centerren, eta parte hartzeko erreserba egin beharra dago (hemen).
Madrilen, abenduaren 4an, Xabier Amuriza bertsolari eta idazlearen bisita jasoko dute Unibertsitate Konplutentseko ikasle eta irakasleek. Unibertsitateko Euskal Ikasketen Sailak antolaturik, Amurizak ‘Vivir improvisando’ izenburupeko hitzaldia eskainiko du, eta ikuspegi panoramikoa emango die bertaratzen direnei bertsolaritzaz, zertan datzan, bere ezaugarriak, eta bertsoren bat ere kantatuko die adibide. Luxu bat. Hitzordua arratsaldeko 4etan da, UCMko Emilia Pardo Bazán Ekitaldi Aretoan. Informazio gehiago, hemen.
Montevideora itzuliz, baina oraingoan euskal etxeen alorrean, FIVU federazioak abenduaren 7an ospatuko du ENE, aurtengoan hiriburuko Euskaro Euskal Etxearen egoitzan (modu ibiltarian ospatzen baitute). Baieztatu dute oraingoz partaidetza Haize Hegoa, San Joseko Euskaldunak EEek eta, bistan da, Euskarokoek. Deialdia herrialdeko euskara ikasle eta irakasle eta hala nahi duten guztiei luzatu zaie eta helburua da "denon artean euskaraz jolastu, abestu, mintzatu eta baita askaltzea ere", je.
Montevideotik irten gabe, Euskaro Euskal Etxeak, gainera, ENE eta Urte Amaierako bazkaria ospatuko ditu baita ere abenduaren 8an. Haize Hegoak, Errepublikako Unibertsitateko irakurletzak antolatutako Irati filmaren proiekzioan ere hartuko du parte. Etxepare Institutuaren Irakurletza eratzaile duen beste ekintza hau abenduaren 3an bertan izango da, 18etan, Humanitateen Fakultateko Vilariño aretoan. Salton, bestalde, ENE eta Euskal Etxearen 32. urteurrena abenduaren 5ean ospatuko dute, abesbatzen topaketa batekin.
Txileko Santiagon, hiriko Euzko Etxeak larunbat honetan ospatuko du, azaroaren 30ean. 16etan hasita, hona programa: bisita gidatua Euzko Etxera, bertsolaritza, euskarazko mikro-tailerra, mintzodromoa, jolasak, dantzak eta euskal pilota. Informazio gehiago, hemen. Eta Sanitagoko beste EEak, Txileko Euskal Gizataldeak, ENE bere 10. Pintxo Txapelketa antolatuz ospatuko du, abenduaren 1ean, 13etan. Pintxo onenak aukeratuko dituzte eta euskara ikasle eta irakasleek euskaraz mintzatzeko hainbat jardueratan hartuko dute parte. Informazioa, hemen.
Ez dira batere ekitaldi guztiak, baina bai lagina. Argentinako euskal etxeen ospakizunak beste artikulu batean argitaratuko ditugu datorren astean.
Hitzordu gehiago, geure agendari erreparatuz.
Zure euskal etxearen informazioa topatu ez baduzu, idatzi hona: info@euskalkultura.eus.