euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

2024ko Euskal Diasporaren Egunak Oñati-Boise harremanak omenduko ditu, aurrenekoz Pradales lehendakaria buru

2024/09/06

Oñatin igandean zabalduko duten 1974-2024 erakusketa (ezk) eta 2024ko Euskal Diasporaren Egunaren aurkezpena, Iñaki Galdos, Izaro Elorza alkatea eta Ander Caballerorekin (esk)
Oñatin igandean zabalduko duten 1974-2024 erakusketa (ezk) eta 2024ko Euskal Diasporaren Egunaren aurkezpena, Iñaki Galdos, Izaro Elorza alkatea eta Ander Caballerorekin (esk)

PUBLIZITATEA

Oñati, Gipuzkoa. Berrogeita hamar urte betetzen dira aurten Estatu Batuetako Boisetik lehenengo ikasle talde bat Oñatira etorri zenetik bertan ikasturtea eman eta euskara eta euskal kulturan murgiltzera. Bi urte leheneago ere taldetxo bat egona zen Arantzazun, eta haren ondotik hasi zen guztia, diosku Iñaki Galdos oñatiarrak. Liburua idatzi du Galdosek honetaz "Boise-Oñati 1974-2024, Abentura bat baino askoz gehiago" izenburupean, Oñatiko Udala argitaratzaile. Jabier Erostarbek, berriz, erakusketa prestatu du, igandean bertan zabaduko dena. Igandea, izan ere, irailaren 8a baita, Euskal Diasporaren Eguna, eta aurten karia honetara Oñatin antolatu du Eusko Jaurlaritzak topaketa instituzionala, lehenengoz Pradales lehendakaria buru izango duena. Hau guztia aurkeztu zuten atzo Oñatin Ander Caballero Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak, Oñatiko alkate Izaro Elorzak eta Iñaki Galdos bera mahaiean.

Ekitaldia, izan ere, kargua estreinatu berria duen Ander Caballeroren lehenengo ekitaldia izan da, edo hobe esan datorren igandean gauzatuko den Euskal Diasporaren Eguna estreineko agerpen publikoa izango du idazkari nagusi gisa Ander Caballerok, Pradales lehendakariak ere aurreneko Diasporaren Eguna izango duen bezalaxe. Bere estreinaldia ere aipatu zuen Caballerok aurkezpenean, Diasporarentzat hain esangura berezikoa den egun honetan publikoki estreinatu izanak dakarkion poza adieraziz.


Aurkezpeneko bideoa (hitzak 1' 05" minutuan hasten dira). Ezkerretik eskuinera, Iñaki Galdos (egile eta antolatzaile); Deborah Outsen (Oñatiko programan parte hartutako estatubatuarra); Julie (Chacartegui) eta Patxi Lostra, Oñatira etorri, euskaldundu eta bertan geratu zen bikotea; Izaro Elorza Oñatiko alkatea; Ander Caballero Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia; eta Gorka Álvarez Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendaria (bideoa Irekia)

Igandea, egun berezia oso izango da Oñatin. Bisitari asko etorriko dira, horien arte andana polit bat Estatu Batuetatik, orain 50 urte betetzen dituen ikasturte hartan egondako euskal estatubatuarrak asko, eurak edo 1974an eta ondoko ikasturteetan parte hartutakoen familietakoak ere, protagonistetako batzuk seme-alaba edota bilobekin. Lagun xahar hauentzat sorpresak prestatu dira, momentu hunkigarriekin egunotan.

Igande eguerdian, 12etan alegia, Imanol Pradales, lehendakariak urtero egiten duen legez, Euskal Diasporaren Eguneko ekitaldi instituzionaleko buru izango da, bere gobernuko sailburu batzuk ere bertaraturik, eta Gipuzkoako eta gainerako lurraldeetako eta bertako ordezkari instituzionalak lagun. Larraña eraikinean eta San Lorentzo Ermitan izango dira (Larraña 16. Oñati). Lehendakaria bildutakoei eta Diasporako lagun guztiei zuzenduko zaie eskainiko duen hitzaldian.

Ekitaldia Kepa Errasti aktoreak gidatuko du eta, alderdi artistikoan, partaide izango ditu: Aita Madina txistulari taldea, Oñatiko Musika Banda, Harrobi dantza bertikala, Xup gazte taldea, Trikitrixa taldea, Oñatz dantza taldea, Ganbara abesbatza, Oñati abesbatza, Swingvergueza taldea, Aloña Mendi saskibaloi taldea eta bertsolariak. Igandean bertan, bertaratzen direnek liburuak bezala "1974-2024, Abentura bat baino askoz gehiago" izenburua daraman erakusketa ikusi ahal izango dute eta Jaurlaritzak prestatu duen programako ikuskizunak eta emanaldiak ere, seguruenik emoziotik asko izango duen jardunaldian.

Liburuaren aurkezpena

Baina igandearen aurretik, ostiral honetan, irailaren 6an, "1974-2024, Abentura bat baino askoz gehiago" liburuaren aurkezpena egingo da Oñatiko Santa Ana antzokian, 19:00etan. Hizlari izango dira David Zapirain Karrika (liburua argitaratu duen Oñatiko Udalaren 'Jerardo Elorza' bildumako zuzendaria), John Bieter Garmendia (historialaria, BSU Boise State Universityko irakaslea, bere aita Pat Bieter lehenengo programa haren sustatzaile nagusia izan zen), Iñaki Galdos Irazabal (liburuaren egilea eta Oñati-Boise harremana lehen pertsonan eta hasieratik bizi izan duena) eta Izaro Elorza Arregi (Oñatiko alkatea).



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia