Montpellier, Frantzia. 'Hiruak Bat' du izena Lyoneko, Marseillako eta Montpellierreko euskal etxeek elkarrekin egiten eta argitaratzen duten berrien buletinak. Argitalpena lau hilabetean behin kaleratzen dute online elkarte frantziarrek eta euskal etxeen ekintzak eta nobedadeen laburpena egiteaz gain, euskal kulturan murgiltzeko hainbat proposamen ere badakartza, tartean plater tipikoen errezetak, liburuen gomendioak, historiari buruzko testuak, jolasak…
Baina zalantzarik gabe Buletineko atal garrantzitsuenetako bat agenda da. Abenduari dagokion zenbakiak bi hitzordu polit iragartzen ditu. Alde batetik, Fermin Muguruzak martxoaren 29an Marseillan, 'Espace Julien' aretoan, eskainiko duen kontzertua. Emanaldia Muguruzak urtarrilean hasiko duen mundu-biraren parte izango da, eta musikari gipuzkoarrak oholtzen gainean daramatzan 40 urteak ospatzea du helburu (Sarrerak hemen eros daitezke).
Otsaileko Dantza Tailerra
Beste alde batetik, euskal etxeek Les Amis des Danses du Monde eta Ste Anastasie Danse elkarteekin batera antolatuko duten Dantza Tailerrean parte hartzeko gonbitea ere biltzen du buletinak. Tailerra Agnès Perez-en ardurapean egongo da eta Euskal Herrian tradizio handia duten Mutxikoak eta Fandangoa izango ditu ardatz.
Tailerra otsailaren 15ean eta 16an egingo da, Arpaillargues-eko erabilera anitzeko gelan. Dantza klaseekin batera, otorduak ere partekatuko dituzte bertaratzen diren dantzari eta dantzazaleek. Tailerraren prezioa 30 eurokoa da. Lekuak mugatuak direnez aldez aurretik egin behar da inskripzioa, berangerem30@orange.fr helbidean. Parte hartzeko baldintzak, hiru denborako bals-a dantzaten jakitea, ikasteko gogoa izatea eta sasoian egotea.
‘Hiruak Bat’en abenduko zenbakia hemen irakur daiteke. Buletinak honako lan taldea dauka egile: Txomin Bernard, Francky Etchegorry, Romain Kukla, Xantal Mamarque, Jacques Lesca eta Fernando Zabalza; eurengana zuzentzeko emaila, hiruakbat@marseillako-euskaletxea.com.
On egin!