Caracas, Venezuela. Caracaseko Eusko Etxeak 2023ko ekitaldien egitaraua aurkeztu du eta ikasturteko ohiko jarduerei ekin die jada. Hilabetero bere areto nagusian egiten dituen mezak otsailaren 5ean berreskuratu zituen, oraingoan María Cruz Díez de Alberro, Joseba Aranaga Brice, Gregorio 'Goyo' Burgaña Carballo eta Aita Miguel Odriozola josulaguna gogoan (irakur apez urrestillarraz Iñaki Anasagastik Deiako bere blogean idatzitakoa) eta funtzioaren ostean lagunarteko bazkaria ere berreskuratu zuen, leku berean, EEko sukaldari Clever Ramirezek prestatutako menu tentagarria tarteko (parte hartzeko, zinez eskergarria erreserba aldez aurretik egitea Whatsappez 0414 2770403 zenbakian).
Euskal Etxeak gogotsu iragarri du bueltan datozela ikasturte berrian pintxo-pote gauak, hilabetero hirugarren larunbatean, beraz lehena larunbat honetan. Aukera ez galtzeko, apuntatu agendan. Martxoan, gainera, ardo, sagardo eta txakolin dastaketa bat izango dute, Mikel Arambururen eskutik. Apirilean, urteko festa nagusia den Aberri Egunaren ospakizuna, urtero bezala. Maiatzean, ostera, Euskal Zinema Ziklo bat proposatu dute Amaren Egunerako, eta Venezuelako Europako Kultur Jaialdian ere partaide izango da Eusko Etxea.
Euskarari dagokionez, ikasi nahi duten guztientzat klaseen eskaintza online da, Zoom plataformaren bitartez, ostegunero. Euren martxa aktiboan segitzen dute, bestalde, etxeko beste talde batzuk, hala nola Alaiak Abesbatzak, Igeriketa Klubak, Voleyball Klubak eta Athleticen Peñak. Kirola oso presente dago beti Caracaseko Eusko Etxean eta, konparazio, ekainean Ugutz Sarria futsal txapelketa eta José León Urcelay pala txapelketa iragarri dituzte. Aurrera Caracaseko Eusko Etxea!