euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

2023ko Euskararen Nazioarteko Egunak deialdi eta atxikimendu ugari bildu ditu Argentina osoan barrena

2023/12/04

Argentina osoan zehar, kostaldetik Andeetaraino, adin eta mail guztietako euskaltzaleek Euskararen Eguna ospatu dute euskal etxeetan
Argentina osoan zehar, kostaldetik Andeetaraino, adin eta mail guztietako euskaltzaleek Euskararen Eguna ospatu dute euskal etxeetan

PUBLIZITATEA

Buenos Aires, Argentina. Atzo igandea abenduaren 3a izan zen eta Euskararen Nazioarteko Eguna (ENE), beraz, eta asko izan dira ospakizunarekin bat eginez mundu osoan egindako deialdi eta ekitaldiak. Argentinan bertan, ugariak izan dira antolatutako festa, zinema emanaldi, dantzaldi, musika-saio, mintzodromo, trikipoteo, QR argitaratze, eta era guztietako jarduerak, Diasporak datarekiko duen interesaren erakusle. Larunbatean hasi ziren ospakizunetako asko euskal etxeetan. Batzuetan, goiz eta eguerdian, besteetan, ilunabarrean, festa gauerdira arte luzatuz, topa egin ahal izateko euskaldunon hizkuntzaren etorkizun eta osasun onaren alde. Askok asteburuan zehar egin zituzten saio eta omenaldiak, eta beste askok aste honetan barrena burutuko dituzte. Jarraian, Argentinako euskal etxeetan antolatutako batzuk bilduko ditugu.

Festak, zinema, dantza, musika eta kantu saioak, mintzodromoak, trikipoteoak, QR eta prentsa artikuluak... makina bat jarduera egin dira, eta aste honetan ere gehiago egingo

Larunbatean ospatu zuten goiztiarren artean Cañuelaseko Denak Bat Euskal Etxeak egindako festa handia, etxeko abesbatza eta dantzari taldea partaide. Buenos Airesko Euskaltzaleak arratsaldean hasi zen, musika eta dantza lagun kalejiran San Telmo auzoko kaleetan zehar, eta pasealdia abiatu aurretik jolasean aritu ziren euskaraz. Trikiaren eta panderoen erritmopean, espaloi eta galtzada-harrien gainean euskararen kantu eta dantza. Buenos Airesen ere, Laurak Bat Euskal Etxean, eguerdian bildu zen euskaltzale taldea bazkaria egiteko.

Mendozan, Denak Bat Euskal Etxeko ikasleek afaria egin zuten Gure Kanta Abesbatzako kideekin batera. Bahia Blancako Unión Vascak Euskararen Nazioarteko Eguna eta Urte Amaierako Jaia batera ospatu zituen, baita Chubut ipar-ekialdeko Haraneko Euskal Etxeak ere. Azulgo Gure Txokoak ere bezperan ekin zion bere omenaldiari eta larunbatean, abenduaren 2an, bertako Udal parkean dagoen Gernikako Arbolaren kimura hurbiltzeko gonbitea egin zuen, QR baten bidez euskararen oinarrizko esaldiak jasotzeko eta gaiari buruzko informazioa lortzeko aukera emanez. Atzo, igandea, ospakizunekin jarraituz, Azulgoek Estibaliz Urresola Solaguren zuzendari duen "20.000 erle espezie" luzemetraia pantailaratu zuten.

San Nicolasen ere igandean zabaldu zituen ateak Euzkal Etxeak Euskararen Eguna ospatzeko, ospatu ere musikaz eta dantzaz, eta urtean zehar egindako jarduerei amaiera emateko. Chacabucon, bilera kalean izan zen, Alsina eta Mitre kalegurutzean, eta, iluntzean, Guillermo Larregui Euskal Etxeko dantzariek dantza erakustaldia eskaini eta janari tipikoen salmenta egin zuten.  Tandilgo Gure Etxean ikasleek egindako ikasketen ziurtagiriak jaso zituzten. Beraiek idatzitako lanen erakusketa bat egin zuten eta, bukatzeko, Igor Legarretaren "Ilargi guztiak" filma proiektatu zen.

Paranan, Presencia Vasca irratsaioak euskara omendu zuen atzoko saioan, eta abenduaren 7an, ostegunean, Urrundik-eko egoitzan lagunarteko afari bat egingo dutela iragarri zuten. Datorren ostegunean ere, baina Rosarion, Zazpirak Bat Euskal Etxeko euskara taldea kantatzera, joko eta jolasak euskaraz egitera eta senidetasun afaria partekatzeko bilduko da. Orain arte aipatutakoak batzuk baino ez dira, egin baitira gehiago eta leku gehiagotan bestelako hitzordu eta saioak, eta datorren aste honetan deialdi gehiago baitatu eginda ENErekin bat eginez, euskararen bizinahia aldarrikatu eta ospatuko duten topaketak. Ikus ekitaldi gehiago gure agendan.

(Artikulu berri bat geratzen zaigu argitaratzeko Euskararen Egunaz beste leku batzuetan)



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia