Necochea, Argentina. 2023ko Euskal Aste Nazionalak egitarau zabala aurkeztu zuen, eta, ohi bezala, asteburu aldera izan ziren ekitaldi gehienak. Ostiral goizean, azaroren 10ean, ordezkaritza ugari iritsi ziren Necocheara eta, bazkalorduan, jangelak jaiaren bizitasuna iragartzen zuten soinu eta koloreak zituen. Baina jaiarekin batera "Euskal diasporan esperientziak partekatuz" jardunaldia antolatu izanarekin, urteroko topaketa tradizional honek aukera bikaina eman zuen baita ere, diasporaren etorkizunaren eta proiektuen inguruan informazioa, iritziak eta proposamenak trukatu eta hausnartzeko.
Deialdiak erantzun polita lortu zuen eta jende ugari bildu zen Euzko Etxeko lehenengo solairuko aretora, Necocheako, Argentinako eta bertan presentzia izan zuten gainerako herrialdeetako (Estatu Batuak, Uruguai) euskal gizataldeen ordezkariek —eta Eusko Jaurlaritzako eta Euskal Herriko beste elkarte eta erakunde batzuetako ordezkariek— euskal etxeen historiaren eta azken urteotako jardueraren errepasoa egiteko aukera izan zuten. Hainbat gai jorratu ziren, hala nola diaspora berria, euskara diasporan, komunikazioa, eta zenbait ekimen eta bestelako proposamen.
Gogoratu EuskalKultura.eus-ek zenbait artikulu argitaratuko dituela datozen egunetan, 2023ko Euskal Aste Nazionalaren irudi sorta batekin. Hona hemen “Euskal Diasporan esperientziak partekatuz” izenpean burututako jardunaldiko irudi-galeria: