New London, Connecticut, AEB. Abuztuaren hondarrean izango dira 2022ko NABOren Convention bilkura eta honekin batera egiten den euskal festa, abuztuaren 26 eta 27an, ostiral eta larunbatez, aurtengoan Basque Fest izenpean, New England Basque Club antolatzaile. Bilerak inguruko euskal etxe eta komunitateetako lagunak bilduko ditu, eta kostalde berean baina 1.200 bat kilometro iparrekialdera St Pierre eta Mikeluneko euskaldunek urtero abuztuaren 15aren inguruan eratzen duten astebeteko euskal festari hartuko dio lekukoa.
New Londonen antolatzearekin, lehenengoz egingo da NABO Convention AEBko Ekialde Kostan, sekula ez baitute aurretik antolatu NABOren urteko bilera nagusia den hau St. Pierre eta Mikeluneko, New York-eko, Washington DC edo Miamiko Euskal Etxeek, ez eta New Englandekoek berek ere. NABOren 2022ko Convention bilera abuztuaren 26an egingo da New London erdiguneko Holyday Inn-en, goizeko 8etatik aurrera. Nazio osoko euskal etxeetako ordezkariak daude deituta eta bertan aurrez aurre edota online eta har dezakete parte.
Euskal Jaia hiriaren erdigunean egingo da, Thames ibaiaren itsasoratzegunetik hurbil, pribilegiatua den aire libreko Parade Plazan. Programako parte izango dira EE antolatzaileko herri kirolariak eta Montrealetik etorriko dira trainerua eta euskal arraunlariak. Musikariak Utah eta Kaliforniatik hurreratuko dira, Amerikanuak banda, Jean Flesher, Jean Pierre Etchechury eta Jean-Jules Flesher. Eusko Jaurlaritzako partaide bat ere bertaratuko da, St Pierre eta Mikeluneko euskal jaitik pasa ostean.