Madril, Espainia. Gonbitea Madrilgo Euskal Etxeko bazkideei luzatzen zaie --beraz, bazkidetuz geroz edonork parte har dezake-- eta helburu nagusia datorren urteko egutegia osatuko duten hamabi irudi hautatzea da. Euskal gai bati buruzkoa behar du izan eta argazkiak edonon eginak izan daitezke. Dena den, antolatzaileek jakinarazi dute bereziki baloratuko dituztela Madrilen egindakoak.
Euskal Etxeak ezarritako beste oinarri batzuk hauexek dira: argazkiak koloredunak eta jatorrizkoa izango dira, eta egileak ezin dizkie aldaketarik egin. Sariari dagokionez, 2021eko egutegian agertzea izango da sari nagusia; hala ere, hiru adituk osatutako epaimahaiak lehenengo hirurak hautatuko ditu eta horiek eskudirua ere jasoko dute. Oinarri guztiak, hemen.
Lanak bidaltzeko epea urriaren 23an, gaueko 9etan (Madrilgo ordutegian) bukatuko da. Emaitzak azaroaren 7an argitaratuko dira Euskal Etxearen webgunean. Pandemiagatik, argazki irabazleen erakusketa birtuala antolatuko da, Euskal Etxearen weborrian, abenduko lehenengo hamabostaldian. Dena den, COVID-19ri lotuta dagoen ezohiko egoerak hobera egingo balu, Euskal Etxeak ez luke baztertuko erakusketa bere egoitzan egiteko aukera.
Informazio gehiago eskatzeko edota argazkiak bidaltzeko idatzi adm@eetxea.e.telefonica.net helbidera. Madrilgo Euskal Etxean bazkidetzeko hemen agertzen den eskaera bete eta bidali behar da. Kuotaren prezioa 7 eurokoa da hilean bazkide batentzat eta 13koa familia osoarentzat, ezkontidea eta 18 urte arteko seme-alabak barne.