euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

2021 urtarrila: Pandemiagatik, San Sebastian jaiak bertan behera utziko ditu Necocheako EEak, lehenengoz 60 urtetan

2020/12/21

2020ko San Sebastian Jaialdia Necochean (argazkia EE)
2020ko San Sebastian Jaialdia Necochean (argazkia EE)

PUBLIZITATEA

Necochea, Argentina. Abenduan tokatzen zaigu normalean urtarrileko ekintzak iragartzea eta hala egiten dugu urtero Necocheako Euzko Etxearen San Sebastian jaiekin. Festok jardunbide luzea daramate elkartean –1957an hasi zuten ospatzen– eta oso jendetsuak izateaz gain programa zabala eskaintzen dute: janari tipikoak Donostiako Konstituzio Plaza gisa itxuratutako aretoan, alkatearen hautaketa, erromeriak, txikiteoa eta danborrada, azken hau urtarrilaren 20an Donostian egiten denarekin bat egiteko. Jaialdiaz aparte, hiriko Gizataldeen Festan ere hartzen du parte sasoi honetan Euskal Etxeak.

Mundu osoan zabaldu den pandemiagatik, ordea, 2020 hau ez da batere ‘normala’ izaten ari eta 63 urtez jarraian egin ondoren, 2021ean ezin izango du euskal elkarteak bere San Sebastian Jaialdia ospatu. Euzko Etxeko lehendakari Kiti Zubillagak EuskalKultura.eus-i azaldu dionez, “Baldintza hauetan ezin ditugu gure etxean errezibitu, nahi dugun moduan, urtero etortzen diren neska-mutilak, gazteak, lagunak… Beraz eta, zoritxarrez, ez dugu jaia egingo”.

Ohiko programa egingo ez badute ere, urtarrilaren 20an bai antolatuko dute ekintza xume eta sinboliko bat, egoitzaren aurrean eta osasun neurriak betetzen. Eta proposamen birtualen bat egiteko ideia ere ez dute baztertzen euskal necocheatarrek.

Egoera honetan, 2021eko Gizataldeen Festa ere ez da ospatuko kostaldeko hirian. Osasun Ministerioak emandako datuen arabera, 39 lagun hil dira Covid-19k jota Necochean aurten eta 2377 kutsatuta daude gaur arte.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia