Macachin, Argentina. Egoera normal batean, egun hauetan, azaroaren 16tik 23ra Macachínen egitekoa zen Argentinako Euskal Aste Nazionalaren behin betiko programa argitaratuko genukeen. Pandemiaren ondorioz, ordea, ez dugu ez programarik ezta jairik ere izango; ez behintzat normalean izaten den bezala. Izan ere, jaia 2021era pasatu ondoren, alternatiba bat ari da prestatzen festaren antolatzailea izango zen Euzko Alkartasuna, egun hauetan euskal diasporaren festa nagusi hau izatekoa zela gogorarazteko.
Azaroaren 16tik aurrera, beraz, Macachinen Euskal Aste Nazionala egin zen azken aldiko (2015eko) irudi eta bideoak igoko ditu Euzko Alkartasunak sare sozialetara. Asteburuan, hau da, 20tik 23ra, Argentina osoko dantza taldeek bidalitako emanaldien bideoak sareratuko dituzte eta hauekin batera Argentinako zein Euskal Herriko erakundeetako agintari, politikari eta kultur erreferenteen agurrak.
Euskara ikasleek ere hartuko dute parte euskarazko testuak irakurtzen; eta pilotalekua duten euskal etxeen artean “piloteo birtuala” egingo dute, lehenengo sakea, Macachingo frontoitik abiatuz.
Interneten egingo dituzten jarduerez gain, kale-ospakizun apal bat egiteko asmoa ere azaldu dute macachindarrek eta Udalak eman behar dien baimenaren zain daude. Lortuz gero, dantzarien emanaldia eta stand kulturalak eskainiko dizkiote herriko komunitateari Euskal Etxearen aurreko plazan.
Macachingo Euskal Etxea Facebook-en, Centro Vasco Euzko Alkartasuna.
Macachingo Euskal Etxea Instagram-en, cvmacachin