euskal diaspora eta kultura
2014/06/30
PUBLIZITATEA
Puerto Madryn, Argentina. Ekainaren 21 eta 22an burutu zen “Madryn Platerean” jaialdiaren 7. edizioko Ekoizleen eta Diseinu Azoka. Ekintza 84. zenbakidun Eskolako instalazioetan gauzatu zen eta antolatzaileen esanetan, errekor guztiak apurtu zituen. Izan ere, berrogeita hamar bat standetan, Patagonia eskualdeko hirurogeitik goira ekoizle bildu zituen, besteak beste Sarmiento, Lago Puelo, El Maiten, Cholila, Epuyen, El Hoyo, Gaiman eta 28 de Julio herrietatik etorriak.
[Puerto Madryngo Etorritakoengatik Euskal Etxeak ipinitako Euskal Standean, pintxoak eta natilak dastatu ahal izan ziren (argazkiaEE)]
Puerto Madryngo Euskal Etxeak parte hartu du jaian, iaz bezala proposamen gastronomiko batekin. 2014 honetako menua pintxoak izan dira, sei motatakoak hain zuzen. Instituzio bertako kideek eginik, arrakasta handia izan zuten Azokara bildutako bisitarien artean. “Prestatutako plater guztiek oso harrera ona izan zuten, oso ondo saldu ziren. Pozik gaude, beraz, dirusarrerak euskal etxeko kideak datorren azaro hasieran La Platako Euskal Aste Nazionalera joateko erabiliko ditugu eta”, azaldu dio EuskalKultura.com-i euskal etxeko lehendakaria den Andres Elorriagak.
[Borja Blazquez sukaldaria, lehendakari Elorriagaren familiarekin: Andy, Muriel emaztea, eta Zoe eta Gael seme-alabak. Blazquez sukaldari donostiarra Buenos Airesen finkatuta dago eta oso famatua da Arghentina osoan eta eskualdean, telebista programak eta eskaintzen dituen eskolak medio. Sukaldaritza akademia ere badauka Blazquezek (argazkiaEE)]
Borja Blazquez chef donostiarrarekin elkartzeko aukera ere izan zuten Etorritakoengatik-eko lagunek. Azokako antolatzaileek gonbidaturik, sukaldaritza klase magistrala eman zuen Blazquez-ek “Madryn Platerean” jaialdiko programa barruan. “Hemen egonda, berarekin bildu eta hitz egiteko aukera izan genuen, esperientzia ederra. Are gehiago, oso kontent gaude, euskal sukaldaritzan hobetzeko aholkuak ere eman baitzizkien gure sukaldariei!”, aitortu digu Elorriagak.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus