euskal diaspora eta kultura
2014/07/11
PUBLIZITATEA
Ander Egiluz Beramendi, AEB. Estatubatuar gehienentzat uztailaren laua Independentzia Eguna da baina euskal jatorriko amerikarrek, egun horretan, Independentzia Aldarrikapena onetsi izana ospatzeaz gain (1776ko uztailaren 4a) Balendin Berriotxoaren eguna zelebratzen dute ere. Idahoko Mountain Home-ko Berriochoa familia Elorrioko santuarekin ahaidetuta dago: “Aitonaren bosgarren lehengusua-edo zen Balendin”, esan digu Ben-ek, telefonoz, egun bizileku duen Spokane-tik, Washington estatuan. Ben Euskal Herrian izan zen maiatzean eta Elorrio bisitatu zuen, Morgan bere alabak ikasketak bukatu izana ospatzeko.
-Balendin Berriotxoaren eguna ospatu duzu aurten?
-Aurten ezin izan dut, baina jai bat izan da Nevadako Elkon eta beste jaialdi bat izango da Mountain Home-n, abuztuan, santuaren eguna behar bezala ospatzeko.
-Nola hasi ziren jaialdi hauek?
-Geure aitona Mountain Home-ra iritsi zen Euskal Herritik, Elorriotik, eta bertan hazi eta hezi ginen ni eta neure familia. Aitona zen Balendin ospatzen zuen bakarra bere familian, historia guztia bere amari esker baitzekien. Elko-n, ostera, duela bi urte hasi ziren santuaren eguna ospatzen, Michelle Alzolaren laguntzari esker (Mountain Home-koa da ere Alzola, nahiz eta egun Getxon bizi den).
-Zer dela eta Elko-n?
-Elko-n egitearen arrazoia, bertako euskal festak ere uztailaren 4aren inguruan ospatu izana. 35 bat urte izango ditu jaialdi horrek eta Ameriketako euskal jairik handienaren ospea izan du urte askotan, gaur egun Boiseko Jaialdik duen bezala. Beraz, suposatzen dut, gauza naturala zela euskal amerikarrentzat, santuaren eguna den egun berean egindako euskal jaialdi horretan Balendin ospatzea.
-Duela bi urteko Elko-ko estreinako ospakizun hartan izan zinen?
-Bai, hara joan ginen. Oso gauza polita izan zen.
-Zein da Balendin Berriotxoa deunarekin duzun ahaidetasun maila eta nola jakin zenuen hori?
-Euskal Herrira joan nintzenean familiaren zuhaitz genealogikoa eman zidaten eta orain esan dezaket Balendin gure aitonaren bosgarren lehengusua-edo zela. Nik dakidala Berriotxoa ez da horren izen ohikoa ezta Euskal Herrian ere, hortaz, seguru asko, Berriotxoatar denak familia loturaren bat izango dute.
-Elorrioko beste Berriotxoatarrekin harremanik al duzu?
-Harremanetan izan gara urtetan zehar. Erromara Berriotxoatarren izenean joan zena, kanonizatu zutenean 1988ko ekainaren 19an, da Balendinekiko lotura handien izan zuen familia. Orain Legazpin bizi dira. Pare bat aldiz izan naiz beraiekin, bikote zaharra dira orain.
-Elorrion izan zara arestian alabak eskola bukatu duela ospatzeko. Familiaren historian interesatuta al daude zure seme-alabak?
-Bi alaba eta seme bat ditut eta, Euskal Herrian oso ondo pasatu dugun arren, beraiek ez dute nik adin berarekin sustraiekiko nuen interesa bera. Ziur aski, Spokane-n bizi garelako izango da eta hemen ez dagoelako Boisen dagoen euskal komunitatea. Neure seme-alabek ez dute euskal komunitatearekin lotura handirik izan, hala ere, eskolarako proiektuak egiten dituztenean maiz aukeratzen dituzte Euskal Herriarekin lotura daukaten gaiak.
-Zer esangura du zuretzat, pertsonalki, Balendin Berriotxoa deunak?
-Gauza garrantzitsua izan da fedea niretzat betidanik. Beraz, ezer baino gehiago, Kristoren deia dakarkit gogora, ongia egitearen deia. Eta gizaki legez harrotasun iturri legez ikusten dut. Ez nau inor baino hobea egiten, baina abizen bat eta jatorri bat izatearen harrotasuna ematen dit. Euskalduna izateak bezala.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus