euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

“Geure kulturarekin aurrera egiteko beste aukera bat” da NABO Kantari Eguna, Noel Goyhenetche-rentzat

2014/07/28

Txapelketa moduan hasi bazen ere euskal abestiak partekatzeko eguna bihurtu da Kantari Eguna. Argazkian, Mikel Markez, Erramun Martikorena eta Solange honen arreba kantari Rocklinen 2010ean
Txapelketa moduan hasi bazen ere euskal abestiak partekatzeko eguna bihurtu da Kantari Eguna. Argazkian, Mikel Markez, Erramun Martikorena eta Solange honen arreba kantari Rocklinen 2010ean

PUBLIZITATEA

Aurtengoarekin hirugarren aldiz ospatuko dute Kaliforniako Rocklin-en Ipar Ameriketako 'Euskal Kantari Eguna' eta gogotsu dabil Noel Goyhenetche, bertako Iparreko Ibarra Euskal Etxeko lehendakaria. “Guretzat, gure kulturarekin aitzina egiteko beste xantza edo aukera bat da Kantari Eguna”, adierazi dio Euskalkultura.com-i, NABOren aterkipean urtero egiten den festa honetaz galdetutakoan.

Rocklin, AEB. Duela lau urte, 2010ean, Kalifornia iparraldeko euskal etxe gazte honek akordioa lortu zuen NABO eta Gardnerville-ko kideekin: txanda hartuko zuten eta urte batean Gardnervillekoek eta hurrengoan eurak antolatuko zuten NABOren Kantari Eguna. Nevadako 'Mendiko Euskaldun Club'ekoak ados agertu ziren eta 2005ean sortutako Iparreko Ibarra kluba 'arduradunkide' hasi zen euskal kanten eguna zelebratzen.

“Guretzat, gure kulturari segida emateko beste xantza edo aukera bat da Kantari Eguna”, azaldu dio Goyhenetche-k buletin honi. 2014an, urriaren 11an ospatuko dute Iparreko Ibarreko hirugarren Kantari Eguna: “Oraindik programa ez dugu erabat zehaztua baina, gutxi gora-behera, badakigu zer nolakoa izango den eguna”.

Euskal abestien omenaldi honetara 300 lagun inguru batu ohi da eta horietatik hogeik oholtza gainetik abesten dute: “1988an txapelketa legez hasi zen baina berehala aldatu zuten, uste dut horrek jendeari atzeraka egiten ziola eta bigarren ediziotik euskal kantuen erakustaldi eta ongi pasatzeko eguna da”, diosku presidenteak. 

Datorren urriaren 11an, bertaratutako lagunek hamaika plan izango dituzte Rocklinen beren esku, kantuekin batera: mus txapelketa, euskal dantzak, bertsolariak, herri kirolak, jateko eta edatekoak eta Jean Flesher Band-en musikak alaitutako dantzaldia. Bakersfield-eko Mattin Etchamendy izango da aurkezlea aurten ere.

Baina hori ez da dena: “Valerie Arrechea, NABOko lehendakaria, Europan da eta haren berrien zain gaude Euskal Herriko musikariren bat ere gonbidatu gisa izango ote dugun jakiteko”, aipatzen du Goyhenetche-k. Aurrekoetan Mikel Markez eta Erramun Martikorena etorri izan dira Rocklin-era jaialdian parte hartzera.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia