San Frantzisko, AEB. Euskal Gizataldeen Mundu-Batzarren artean, mundua hiru eskualdetan banatuz --Europa-Asia-Ozeania, Ipar Amerika eta Hego Amerika-- bildu ohi dira euskal etxeen ordezkariak. 2019ko Mundu-Batzarraren aurreko bilerei dagokienez, Europa-Asia-Australiako ordezkariak iaz bildu ziren Parisen; Ipar Ameriketakoak aurtengo otsailean San Frantziskon; eta Hego Amerika eta Karibekoak datorren azaroan egingo dute, Argentinako Mar del Platan, herrialde horretako Euskal Aste Nazionaleko egitarauaren barnean.
Pariseko bileraren berri hemen eman genuen. San Frantziskokoaren laburpen eta argazki-galeria bat artikulu honetan bertan beherago topatuko duzu, eta artikulu berezitu batean irakurri ahal izango duzu Mar del Platan azaroaren 2an egingo denaren deialdi edo iragarpena 2018ko Argentinako Euskal Aste Nazionalaren barnean, izan ere Urkullu lehendakariak postura heldu zenetik herrialde horretara egingo duen lehenengo bisitan eta, beraz, Euskal Aste batean lehenengo aldiz partaide delarik.
Otsailaren 16an, ostiralez, arratsaldeko hiruretan hasita egin zen Ipar Ameriketako eskualde-bilera, bertan partaide izanik Estatu Batuetako, Kanadako eta Mexikoko euskal etxeen ordezkariak eta aurten, lehen aldiz, bertako euskal etxea iaz errekonozitua eta Eusko Jaurlaritzaren erregistroan sartua izan ondoren, baita St Pierre eta Miquelon ere. Bilera South San Frantziskon egin zen, Gure Euskal Etxearen egoitzan, Basque Cultural Center-en, eta mahaiburuan eseri ziren Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendari Gorka Alvarez Aranburu, eta NABOko lehendakari eta lehendakariorde Annie Gavica eta Valerie Arrechea, azken hau euskal etxe anfitrioiko arduraduna baita ere.
Bildutakoek errepasoa eman zioten euskal etxeen historiari, zergatik eta zertarako sortu ziren. partikularzki Ipar Ameriketan, eta orain arteko ibilbidean oraingo momentuan bidegurutze batean ez ote gauden mahaigaineratu zen, NABO Ipar Ameriketako Euskal Elkarteen batasuna sortu zenetik lau hamarkada baino gehiago joan baitira eta gizarteak, eta gizarte orokorrarekin batera euskaldunak eta Diasporako euskaldunak aldaketa asko jasan baitituzte denbora gutxian, sekula baino handiagoa seguruenik, eta horrek isla euki beharko luke euskal etxeen planteamentu eta moldeetan eta euskaltasunaren segidari eman behar zaizkion erantzunetan.
Bertaratutakoek, bilerara lehen aldiz agertutako Saint Pierre eta Miquelongo bi ordezkariei ongietorria eman ondoren, egungo egoera eta geroa hartu zuten hizpide, transmisioa belaunaldi berriei, aldaketak eta egungo gazteen eskakizunak gogoan hartu eta egokiro erantzuteko beharra, teknologia berriak eta euren erabilera, esaterako bilera eta elkarretaratze ez-presentzialak eginez edota euskarako klaseak ere skype bidez, euskal etxe txikien kezkak eta sare bereko parte izateak dakartzan abantailak eta horretan hobetzeko aukerak, eta ondareari hobeto eusteko eta Ipar Ameriketako euskal ondarea gorde eta eagutarazteko dauden eta egin daitekeen plangintzak.
Hona bilerako argazki-galeria: