Donostia-San Sebastián. ENEko 2019ko ospakizunei eskaini genien aurreko artikuluaren ostean, hitzordu eta ospakizun gehiagoren irudi eta albisteak heldu zaizkigu eta eurekin osatu dugu honako emaitzen bigarren artikulu hau. Makina bat izan dira munduan zehar Euskararen Eguna ospatzeko antolatutako elkarretaratzeak, asko eta asko urte eta ikasturte amaierako eta sasoi honi dagozkion Eguberri eta bestelako ospakizunak ere gogoan (ospagai) antolatuak, baina guztiak ezin bildurik, bidali dizkiguzuenak eskertu eta hona ekarri ditugu, argazki-itoginari gaurkoarekin amaiera jartzeko asmoz.
Komeni da ez ahaztea munduan zehar ENE ospatzen duten, eta urtean zehar euskara bihotzean eta ekinean daramaten munduko hainbat eta hainbat euskaldunek --euskaldunzahar eta berriek-- euren izate eta segitze eta ekite berarekin egiten duten aldarrikapena: euskara eta euskal kultura zazpi probintzia geografikoen ondare izateaz gain, muga fisikorik ez duen Euskal Herriaren parte eta ondare ere badirela, eta munduan barreiatutako beste euskaldun horiek ere "gu" direla, geografiak ez baitu mugatzen 'betidanik' Diaspora eta bertako ekarria zati izan duen Euskal Herriaren errealitate aberats konpartitua.
Diasporaren euskal errealitate hori begi bistakoa bilakatzen da ENE bezalako hitzorduetan, ilusioa, lana, ahalegina eta konpromiso etengabe landua nagusi. Munduko euskal etxeetako euskara ikasleak horren adierazgarri eta egunotan egindako mintza saioak, bideo eta esketxak, bazkari eta afariak, dantza eta kantak... Ospatzeko erak ezberdinak dira leku bakoitzean tokian tokiko kutsua hartzen dutelako, maitasuna, partaidetza, engaiamendua, mundua mugitzen duten sentimentu eta indarrak akuilu. Hona 2019ko ENEko argazki eta bideo bilduma berri bat.
[Azulgo Euskal Etxean abesten eman zieten ongietorria lagunek Olentzero eta Maridomingiri]
[Sukaldaritza, musika, dantza eta baita danborrada ere Mendozan Euskararen Egunean!]