euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

2018ko Udako barnetegiaren balantze bikaina eta aldaketak 'Euskara Munduan' programaren kudeaketan

2018/02/07

2018ko Udako Barnetegiko ikasle eta irakasleak Euskal Etxeko kideekin
2018ko Udako Barnetegiko ikasle eta irakasleak Euskal Etxeko kideekin

PUBLIZITATEA

Hego Ameriketako udako barnetegia (uda da orain Hego Ameriketan) urtarrilaren 13tik 20ra egin da Buenos Aires probintziako Chacabucon, FEVA eta bertako Guillermo Larregui Euskal Etxea antolatzaile. 'Euskara Munduan' egitarauko arduraduna den Kinku Zinkunegik ekimenaren oso balantze ona egin du eta programaren hurrengo urratsak iragarri dizkigu berarekin izandako solasean.

Chacabuco, Argentina. Astebeteko ikastaroa Buenos Aires probintziako Chacabuco herriko Guillermo Larregui Euskal Etxeak hartu du aurten bere gain. Bertan gauzatu dira klaseak eta otorduak eta hizaldia eman du Euskal Herritik etorritako Kinku Zinkunegi irakasleak.

Eskolak eta kurtsoaren dinamika ohikoak izan dira, hau da, trinkoa eta azken hilabetetan plataforma birtualean ikusitako gai linguistikoak lantzea helburu. Hala ere, berezitasun bat ere aipatzen du Zinkunegik: “Barnetegi honetan inoiz baino gehiago mintzamena bultzatu nahi izan dugu. Horretan ardaztu dugu barnetegia, ikasleen ekoizpenean. Gai ugari aurkeztu dituzte, antzerkitxo bi ere landu eta antzeztu dituzte, eta (Europako Hizkuntzen Erreferentzia Marko Bateratuko) B1-eko azterketetan eskatzen diren mintza frogen antzekoak ere egin dituzte”, jakinarazi digu teknikariak, azpimarratuta “taldearen bataz-besteko maila oso ona d(el)a, B2a ikusten ari baitira, eta horrek ahalbideratzen du euskara hutsean bizi izatea lehenengo egunetik azkenekoraino”.

Behar da gogoan izan Euskara Munduan-en aritzen diren ikasle-irakasleak urtean zehar egiten dutela lan, plataforma birtualean, helburu jakinekin. 2018an eta 2019an, hiru barnetegi gehiago antolatuko dira eta HABEk egiaztatze frogak egingo ditu. Zinkunegiren esanetan, “proiektuaren fase honetan, aurreikusita daukaguna bukatzeko, beste ikasturte bat eta erdi geratzen zaigu, 2019ko uztailaren bukaera arte. Hori horrela, beste hiru barnetegi baino ez ditugu, eta horien amaieran taldearen bataz-besteko maila B2tik gorakoa izatea espero dut. Erronka handia da baina gero eta argiago ikusten ari gara, taldearen bilakaera ikusita, lortu dezakegula. Ikasleek prozesuaren bukaeran maila egiaztatzeko aukera izango dute. Horretarako, 2019ko azterketa deialdian jasoko da Buenos Aires aztertoki gisa eta bertara aurkezteko baldintza eta prozedurak”.

Hitzaldia Euskal Etxean

Barnetegiaren baitan, ‘Euskararen egoera gaur egun’ izenburuko hitzaldia eskaini zien Kinku Zinkunegik urtarrilaren 19an Guillermo Larregui-ko kideei eta oro har komunitate osoari. Deialdiak oso partaidetza ona izan zuen eta ekintza bukatuta, elkarrekin afaldu zuten bildutakoek. “Aukera ederra izan da Euskal Etxeko bazkideak hainbat herritar eta barnetegiko kideak elkarrekin partekatzeko". "Honekin lotuta behar da esan Guillermo Larregui-ko lan-taldea aparta izan dela. Ikastaroa egiteko Euskal Etxea oso egokia izan da baliabide eta leku aldetik eta otorduei dagokienean. Dena beraiek prestatu dute eta oso maila altua erakutsi dute". "Nire eskerrik beroenak luzatu nahi dizkiet Chacabucoko Guillermo Larregui Euskal Etxeko arduradunei eta lanean aritu diren guztiei. Bikaina izan da egin duten lana eta guretzat ezin erosoago bertan aritzea. Euskal Etxea guretzat ireki dute eta premia guztiak ase dizkigute, lehen esan bezala, bai lanerako behar izan ditugun baliabideei dagokienean, bai otorduei dagokienean ere, baina batez ere, gurekiko izan duten gertutasun eta gizatasuna. Horri esker lana plazer bat bihurtu dute”.

Euskara Munduan programaren kudeaketaren aldaketak

Etorkizunari begira, programaren kudeaketan egongo diren aldaketen berri ere eman digu Zinkunegik. Euskara Munduan Etxepare Euskal Institutuak bere eginkizunetan txertatu du. Kari horretara, 2018k urtarrilaren 1etik aurrera Etxepare Institutuaren ardura da Euskara Munduan. “HABE-ri 2017/18 ikasturterako diru-laguntza deialdia kudeatzea baino ez zaio geratzen. Hori irailaren 30ean bukatuko da eta, orduan bai Euskara Munduan erabat Etxepareren menpe egongo da”, azaldu du teknikariak.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia