euskal diaspora eta kultura
2013/04/30
PUBLIZITATEA
Rio Cuarto, Argentina. Urteko programari jarraituz, joan den asteartean, apirilaren 24an, zine ekitaldi berezi bat antolatu zuen Rio Cuartoko Gure Ametza Euskal Etxeak inauguratu berria den herriko Leonardo Favio Kultur Gunean. Laurogei bat lagun bildu ziren ‘Kimuak’-en bederatzigarren emanaldian, tartean, etxeko kide eta lagunak, eta unibertsitateko ikasleak.
[Gogora dezagun Rio Cuartoko Leonardo Favio Kultur Gunea Cordoba probintziarena dela eta kari horretara euskal etxeko arduradunek esker beroak eskaini nahi dizkiote probintziako gobernuari lekua uzteagatik]
Taberna, pintxoak eta omenaldiak
Baina zine emanaldia ez da izan azken hilabete honetan Rio Cuartoko euskal etxeak antolatutako ekintza arrakastatsu bakarra. Izan ere, erakundeak gauzatutako azken tabernan ehundik gora lagunek hartu zuten parte. Elkarretaratze honetan, euskal musika eta bideoez gain pintxo ederrez ere gozatu ahal izan ziren gonbidatuek.
[Taberna giroa eta jende ugari Gure Ametza euskal etxeko egoitzan, apirileko tabernan (argazkia EE)]
Euskal etxetik adierazi digutenez, “apirileko tabernan Manuel Campoamor Ascacibarrek eta sukaldarien taldeak prestatutako pintxoak eta platerak eskaini genituen. Aipatzekoa da tortilla egiteko arduraduna, beti bezala, gure sukaldari kuttunena den Edurne Bilbao izan zela. Gaueko menua pintxoak, tortilla, txistorra eta legatza martorriarekin izan zen”.
[Euskal etxeko kide kuttuna den Edurne Bilbao sukaldean, lanean jo eta je (argazkia EE)]
Topaketaren baitan omenaldi bat egin zitzaien euskal etxea sortu zuten kideei. “Eduardo Aguirre buru duen batzorde honen agintaldia hasi zenetik, elkarretaratze guztietan aipamen berezi bat egiten dugu erakundearen sortzaileen omenez”, azaldu dute Gure Ametza-ko agintariek. Azken bilkuran diplomak banatu ziren.
Herri kirolaren babesle
Bukatzeko, Rio Cuartoko euskal etxeak ‘Txorierri Herri Kirol Taldea’rekin daukan harreman estuaren berri eman nahi dio komunitateari.
[‘Txorierri Herri Kirol Talde’ko lau kide, ezkerretik eskuinera: Iñigo Aurrekoetxea, Aitor de la Concepcion, Yabi Garitaonandia eta Gorka de la Concepcion, Rio Cuartoko Gure Ametzaren elastikoekin (argazkia EE)]
Euskal etxea Txorierriko taldearen baldintzarik gabeko babeslea da eta hori dela eta taldeko gizonek etxeko elastikoa jantzi ohi dute euren aurkezpenetan.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus