euskal diaspora eta kultura
2012/10/24
PUBLIZITATEA
Arrecifes, Argentina. “Gure laugarren ‘seme euskaldun’ honi zein izen jarriko genion pentsatzen hasi ginenean, berehala etorri zitzaigun burura erromesaren irudia, ibiltariarena; gure ustez, disko honek zerikusi handia du ibiltzearekin. Horregatik ‘Herriz herri’ izena, guk egiten duguna baita; Argentina eta Euskal Herriaren arteko gure etengabeko bidaia islatzen duelako” azaldu dio EuskalKultura.com-i Mariana Domine Irigoyen taldeko ahotsak. “Horretaz gain, gogoratzeko oso zaila ez da eta hori ere izan genuen kontuan”.
Aurreko zedearen estiloari jarraituz,hamar abestuik osatzen dute diskoa, hamarrak euskal kantutegitik ateratakoak eta taldeak jarri ohi dion Argentinako kutsu hori galdu gabe. Aukeratutako abestien artean, Hertzainak taldearen ‘Aitormena’ kantu klasikoaren bertsio berri bat proposatzen dute Maral-ekoek, reggae erritmoarekin. ‘Euskal Herrian euskaraz’ eta ‘Xalbadoren Heriotzean’ ere badaude tituluen artean.
['Aitormena' abestiaren Maralen bertsioa]
“Beti bezala, zerrenda hau hautatzerakoan gidatu gintuena publikoa bera izan zen. Txaloekin edo maitasun hitzekin bidea jarraitzaileek markatzen digute. Haiek dira gure inspirazio iturria. Publikoarekin daukagun harremana sendotu egiten da denbora pasa ahala. Horren froga bat aurtengo ‘Buenos Aires-ek ospatzen du’ jaialdia izan daiteke, edo Euskaltzaleak-en alde Iparraldeko Euskal Etxean egin genuen kontzertua. Memento ederrak bizi izan genituen. Plazar handia da euskal musika egin ahal izatea”, aitortzen dute musikari arrecifestarrek.
Zedearen azalari dagokionez, Juan Manuel Vasquez Echaniz diseinatzaileak egina da, taldeak eskaturik. “Izena baino ez genion eman eta bera izenak adierazten ziona irudikatzera animatu genuen. Eta irudi ederra egin zigun, sentiberatasunhandikoa”, azaldu digu maraltar abeslariak.
‘Herriz herri’ atera berri berria da eta asteburu honetan entzun ahal izango da Rosarioko Euskal Astean. Maral taldeko zazpi kideak, Mariana Domine Irigoyen (ahotsa), Christian Rodriguez (perkusioa), Charly Oviedo (teklatua eta koruak), Billy Vogt ( gitarra eta koruak), Alexis Valeria (gitarra elektrikoa eta koruak), German Battellini (baxua) eta Maria Eugenia Cozza (koruak) berriro aurkeztuko dira Euskal Asteko tauletan, Argentinako euskal diasporaren jai handiko protagonistak izateko. Hitzordua ostiral arratsaldean da, iluntzeko 7:30etan, El Circulo antzokian, Euskal Asteko programan iragarri bezala. Diskoa Euskal Asteko asteburu osoan zehar egongo da salgai Rosarion, 40 pesotan.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus