euskal diaspora eta kultura
2012/10/16
PUBLIZITATEA
Buenos Aires, Argentina. HABE Institutuak kudeatzen duen Euskara Munduan programak beste urrats handi bat eman du joan den asteburuan. Euskal Herritik kanpo euskara irakasleak trebatzeko helburua duen proiektuak berriro ere bere burua gainditu du eta deialdi berezi batean euskara-ziurtagiriak lortzeko aukera eman die Argentina, Txile eta Uruguaiko 26 irakasle/ikasleri. Azterketak urriaren 13an eta 14an burutu ziren Buenos Aireseko Laurak Baten eta emaitzak hilabete barru plazaratuko dira, Ikasbil webgunean.
“Azterketak joan den asteburuan egin dira baina prestakuntza maiatz aldera hasi zen. Euskara Munduan proiektuaren baitan plataforma berezi bat antolatu zen ikasleak idazmenean trebatzeko. Astero egin zituzten idazlanak eta Maizpideko irakasleek zuzentzen zituzten. Horrez gain, mintza saioak egin zituzten ikasleek Skype programaren bidez eta abuztuan aurrez aurreko saio bat egin genuen hemen, Buenos Aires-en”, azaldu dio FEVAko euskara arloko arduradun Gabriela Mendiak EuskalKultura.com-i. “Beste alde batetik gustatuko litzaidake azpimarratzea esperientziaren aberastasuna. Garai guztietako ikasleak bildu ginen azterketak egitera, hau da, duela 20 urte hasi ginenok eta programan lau urte baino ez daramatzatenak ere bai; eta hori oso aberasgarria izan da guztiontzat”, aipatu du Mendiak.
Profil ezberdinak euskarak elkarturik
Egia da azterketarien zerrenda heterogeneoa izan dela oso. Euskara mailari dagokionez, 14 lagunek HABEko lehenengo mailako azterketa egin zuten, 5ek bigarren mailakoa eta 7k hirugarrengoa. Jardunbideari dagokionez ere, historia eta prozesu ezberdinak bildu ziren azterketa-mahaira. Izan ere, azterketa egin zuten batzuk 90. hamarkadan ekin zioten ikasteari, beste batzuk 2004-2008ko lau urteko planekoak dira eta beste batzuk sortutako azken taldekoak.
“Ni duela lau urte hasi nintzen Euskara Munduan programan eta uste dut azterketa egitea ikasitako guztia ziurtatzeko modu bat dela, hau da, prozesuaren emaitzak neurtzeko baliagarria izan daitekeela. Deialdi honetan 1. mailakoa egin dut, eta aukera izanez gero etorkizunean 2. eta 3. mailakoak egitea ere gustatuko litzaidake”, azaldu du Alejo Conti rosariotarrak. 20 urterekin, Alejo irakasle gazteena eta berrienetako bat da.
Miren Arozarenaren esperientzia, berriz, oso ezberdina izan da: “Nire kasuan, azterketa egiteko helburua oso argi neukan. Ez dut titulurik behar, baina nire ikas-prozesua duela urte batzuk bukatu zen eta euskara maila mantentzeko oso aukera ona iruditu zitzaidan. Euskal etxeetako ikasleen maila normalean oinarrizkoa izaten da eta azterketa prestatzeko goi mailako praktikak egin behar izan genituen”, aitortu du Arozarenak.
Bi kasu berezi
Anabel Jaureguiberryrena ezohiko esperientzia izan da euskal etxe batean egin baitzuen bere prozesu osoa. “Nik Buenos Airesko Euskaltzaleak-en ikasten dut eta ez daukat irakasle izateko asmorik. Hala ere azterketa egiteko aukera erronka bihurtu nuen. Batzuetan beharrezkoa da horrelako helburuak izatea aurrera jarraitzeko”, azaltzen du Jaureguiberryk.
Eta Lorena Zabalaren egoera ere bada aipagarria. Lorena donostiarra da baina duela hiru urte Argentinan bizi da. “Euskal Herritik 17 urterekin atera nintzen eta geroztik ez dut sekula azterketa egiteko aukerarik izan. Eta egia esateko egin ez izana arantza moduan neraman. Beraz, aukera zegoela ikusi nuenean, animatu egin nintzen. Benetan sinestezina da hemen aukera hori izatea, eta ez hori bakarrik. Euskal Herritik hamar mila kilometrora egotea eta euskaraz hitz egiteko aukera izatea niretzat harrigarria da. Eta hunkigarria ere bai, sustraiekin lotura bat izateko modu ederra!”, laburtzen du.
Etorkizunari begira
Euskara Munduan proiektua zabalduz doa urtez urte eta emaitzak begibistan daude. “Euskara gero eta leku gehiagotara heltzea ez da helburu bakarra. Aurrerapen honekin jauzi kualitatiboa ere ikus daiteke. Nirekin batera aztertzaile aritu diren beste bi irakasleak proiektuaren arrakastaren froga dira. Gabriel Arce eta Sabrina Otegui programako ikasle izan ziren eta programaren barruan lortu zuten 3. mailako azterketak gainditzea, 2008an, Euskal Herrian, eta HABEren beka bati esker. Horren ostean berriro sartu dira programan baina oraingoan irakasle. Oraingoan, dagokien trebakuntza egin ondoren, aztertzaile aritu dira deialdi honetan” azpimarratu du Zinkunegik
Irakasleen maila ziurtatzen bada, euskal etxeetan euskara maila ere ziurtatuko da eta hori dela eta hurrengo pausoa zein izan daitekeen aurreratu digu Zinkunegi irakasleen irakasleak. “Asmoa da azterketak berriro egitea hemen, ez dakigu noiz, agian ez datorren urtean, baina talde jendetsu bat osatzen bada, egingo dugu eta polita izango litzateke euskal etxeetako ikasle gehiagok ere parte hartzea” adierazi du HABEko teknikariak.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus