euskal diaspora eta kultura
2013/04/29
PUBLIZITATEA
Buenos Aires, Argentina. 1937an Gernikan gertatutakoaren oroitzak bizirik dirau eta urtero, apirilaren 26an, hamaika ekitaldi antolatzen dira mundu osoan zehar gerraren aurkako mezua zabaltze aldera, oihartzun berezi batekin, euskaldunen kasuan, hainbat herrialde eta lekuetako euskal etxeetan, baina ez horietan bakarrik. 76 urte pasa ondoren, zutik dirau Gernikako Herriak Picassoren obrak egoitza Gernikak bertan topa dezan egindako eskaera behin eta berriro berretsiak.
Kari horretara, Buenos Aireseko Villa Crespo auzoko Batzorde Historikoak atxikimendu gutuna igorri zion joan den ostiralean Gernikako alkateari, Jose Maria Gorroño Etxebarrietari, idatzitako lerroetan, Villa Crespoko auzokideek euren laguntasuna eta ‘Guernica Gernikara’ kanpainaren aldeko sinadura helaraziz, Buenos Airesko erakundetik EuskalKultura.com-i jakinarazi zaionez.
“Gernikako Bonbardaketaren urtemugan, Buenos Aireseko Villa Crespo auzokook duela 76 urte Euskal Herriak pairatu zuen genozidioa gaitzesten dugu. Eta ez bakarrik gizakion arteko solidaritatean sinesten dugulako; Villa Crespok euskal kolektibitatearekin daukan harreman estua ere bada jarrera honen oinarria”, adierazten du Batzorde Historikoko presidentea den Hugo Osvaldo Tornesek sinatutako gutunak.
“Villa Crespoko lehenengo biztanleak --alpapa edo luzerna saltzaileak-- euskaldunak izan omen ziren, azpeitiarren bat tarteko. Estevarena abizenekoak ere auzoko aitzindari izan ziren. Estevarenatarrek adreiluak egiten zituzten Maldonado errekaren ertzean lortutako lokatzarekin. Hauei buruz hitz egiten du Miguel Cane idazleak ‘Juvenilia’ bere liburuan”, gogoratzen da Gernikako alkateari zuzendutako eskutitzean.
Guernica, Villa Crespon
Villa Crespoko kaleetan, Picassoren obrari 2009an egindako erreprodukzio bat dago ikusgai, izan ere Repetto kaleko 1569. zenbakian. Ariel Muñoz eta Joaquin Nudel artistek hartu zuten kopia egiteko ardura eta auzoan tradizio handikoa den enpresa baten Aurrealdean pintatu zuten, originalaren tamaina berarekin.
Auzoko Biltzarretik jakinarazi digute, joan den urteko abenduaren 14an, Picassoren inspiratzaile izan zen Eva Gouel-en heriotzaren 97. urtemugarekin bat, omenaldi berezi bat antolatu zutela euren hormirudiaren aurrean. Zeremonian, artisten lana nabaritzeaz gain, erreprodukzioa egiteko lekua utzi zuen enpresari eskerrak eman eta ‘Guernica’ artelanaren esanahia azaldu zuten antolatzaileek eta Euskadiko ereserkia entzun zen.
Ekitaldian parte hartu eta egon ziren, besteak beste, Hugo Tortonese (Biltzarreko presidentea); Sergio Vazquez (enpresaren presidenteordea), Jorge Cosenza (biltzarreko kide), Georgette Grayeb (Bakearen aldeko Munduko Elkarteko presidentea), Beatriz Carceller (Villa Crespoko Rotary Klubeko presidentea), Eduardo Marconeto (San Bernardo Parrokiako arduraduna) eta Julio Sparer (Villa Crespo Errepublikako presidentea).
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus