euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

‘Gernikako Bonbardaketa, 75. urteurrena’ erakusketa ikusgai Argentinan, Paraguain eta Uruguain

2012/10/10

Jorge Larraburu Marcos Paz-eko 'Zuhaitzaren Herria' Euskal Etxeko lehendakaria, Elvira Kortajarena Euskadiko Ordezkaria eta Ricardo Curutchet alkatea ‘Gernikako Bonbardaketa, 75 urteurrena’ erakusketaren inaugurazioan (argazkia Euskadiko Ordezkaritza)
Jorge Larraburu Marcos Paz-eko 'Zuhaitzaren Herria' Euskal Etxeko lehendakaria, Elvira Kortajarena Euskadiko Ordezkaria eta Ricardo Curutchet alkatea ‘Gernikako Bonbardaketa, 75 urteurrena’ erakusketaren inaugurazioan (argazkia Euskadiko Ordezkaritza)

PUBLIZITATEA

Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkaritza, Gernikako Bakearen Museoko Fundazioa eta Buenos Airesko Euskadiren Ordezkaritzaren lankidetzari esker, apiriletik hona ‘Gernikako Bonbardaketa, 75 urteurrena’ erakusketa Argentinako hainbat hiritan ikusi ahal izan da, tartean Buenos Aires hiriburuan, Marcos Pazen eta Rio Cuarton. Datozen hilabeteei begira, ibilbidea zabalduko da eta Mar Chiquita-ra, Azul-era eta Olaverriara iritsiko da. Hil honen amaieran, berriz, Paraguaiko Euskal Astean ere inauguratuko da eta 2013an zehar bertako hiri askotan erakutsiko da. Abenduan, ordea, Uruguaiko Salto hirian egongo da ikusgai hamar egunez.

Buenos Aires, Argentina. Gernikako Bonbardaketaren 75. urtemuga dela eta, erakusketa bat inauguratu zen apirilaren 26an Europako zein Amerikako zenbait hiritan aldi berean, leku bakoitzeko Euskadiren Ordezkaritzen eskutik. Ordezkaritza bakoitzak kudeatutako erakusketa ibiltaria izanik, hura ibiltaritasunaren hasiera baino ez zen izan eta urteurreneko egunetik hona hainbat herritako milaka lagunek ikusi ahal izan zuten herri bizkaitarrak jasotako erasoari buruzko lana.

Mercosur-eko kasuan, bertako Euskadiko Ordezkaritza arduratu da erakusketaren zabalkuntzaz; azken mugimenduei dagokienez, irailaren 17tik 24ra Argentinako Marcos Paz hirian egon zen ikusgai. Inaugurazio ekitaldian, Elvira Kortajarena ordezkaria eta Ricardo Curutchet alkatea herriko kazetarien aurrean mintzatu ziren.

Geroztik, irailaren 29tik urriaren gaur 10era arte, erakusketa Cordoba probintziako Rio Cuarton egon da. Hiri honetako euskaldunek Gure Ametza Euskal Etxearen 18. urteurreneko egitarauko parte aurkeztu zuten erakusketa.

‘Gernikako Bonbardaketa,75 urteurrena’  Rio Cuarton 2012 01

[Rio Cuartoko Gure Ametza Euskal Etxean erakusketa urtemugako ekitaldi programan sartu zen (argazkia EE)]

Urriaren 15ean, ‘Gernikako Bonbardaketaren 75. urtemuga’ Buenos Aires probintziara itzuliko da eta egun horretatik 22ra arte Mar Chiquita partiduan ikusi ahal izango da, egitarau honi jarraituz: urriaren 15ean, Coronel Vidal-en; urriaren 18an, General Piran-en; urriaren 19an, Vivorata-n; eta urriaren 20tik 22ra, Santa Clara del Mar-en. Antolatzaileen esanetan, mila bat ikaslek bisitatu dute astean zehar.

Azul herriko euskal etxearen txanda, ostera, datorren hilabetean izango da, azaroaren 1etik 11ra arte. Olavarriako Gure Etxe Maitea-n, berriz, azaroaren 18an estreinatuko da.

Paraguai eta Uruguain

Argentinako mugak ere gaindituko ditu Gernikako Bonbardaketari buruzko erakusketak. Izan ere, urriaren 22an, Paraguayko Euskal Astearen baitan, Asunciongo Manzana de la Rivera kultur gunean aurkeztuko da. Horren ostean, eta Paraguaiko Hezkuntza Ministerioarekin sinatutako akordio bati esker, erakusketa bertako herri askotara eramango da 2013 urtean zehar, eskoletako ikasleek ikus dezaten.

Bukatzeko, Buenos Airesko Euskadiren Ordezkaritzatik jakinarazten digute abenduaren 1etik aurrera Uruguaiko Salto herrian ikusi ahal izango dela, hamar egunez.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia