euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

‘Euskal Pampa’, Euskal Herriko eta Argentinako bertoko ohiturak batzen dituen Landa Turismo proiektua

2012/04/10

Juan E. Barra herriko 2012ko Erreki Lehiaketan, 'Euskal Pampa' taldeko partaidetza (argazkia Euskal Pampa)
Juan E. Barra herriko 2012ko Erreki Lehiaketan, 'Euskal Pampa' taldeko partaidetza (argazkia Euskal Pampa)

PUBLIZITATEA

Ekimen interesgarri bati ekiteko elkartu ziren duela bi urte Buenos Aires probintziako Tres Arroyoseko euskal jatorrizko lagunak. Argentina osokoak eta bisitari atzerritarrak erakartzeko asmoarekin, euskaldunen presentzia ugaria duen eskualde honetako historia, berezitasun eta baliabideak ezagutarazteko proiektu bat jarri zuten martxan tresarroyostarrek. ‘Euskal Pampa’ izeneko Landa Turismo proposamenak Buenos Aireseko kostaldeak eta lautada zabalak bisitatzeko birak antolatzen ditu, eskualdeko nekazaritza eta abeltzaintzako ekoizpena eta herriko sukaldaritza baztertu gabe. “Gure inguruan Euskal Herritik etorritako etorkinen arrastoak daude, edonon. Adibide bat jartzeagatik esango dut ardi azienda zuten dozena bat finka zeudela beste garai batean hemen. Guztiak familia euskaldunenak ziren. Orain bi bakarrik geratzen dira, baina bietako jabeak euskaldunen ondorengoak dira”, azaldu dio ‘Euskal Pampa’ arduradunetako bat den Natalia Cubiatebeherek EuskalKultura.com-i.

Tres Arroyos, Argentina. Herriko Hiru Erreka euskal etxea partaide, 2010ean jaio zen ‘Euskal Pampa’ landa turismo proiektua. INTA-ko ‘Cambio Rural’ delako programaren baitan, proiektu honen helburua eskualdean nabaria den euskaldunen eragina sustatzea da eta bide batez landa inguruneko jendearen hirietarako exodoa ekiditen saiatzea.

“Aukera ugari ditugu gure herrietan jendeak ondo pasatzeko, giro erabat tradizionalista batean. Eta tradizioei buruz hitz egiten dugunean, Euskal Herriko eta Argentinako benetako ohiturei buruz ari gara, ez ‘komertzialegiak’ diren horietakoak. Gure proposamenak baserrietako egunoroko bizitza ezagutzean datzate, nolakoak diren ekoizpen sistemak eta abere-hazkuntza azaleratuz, esaterako; beste alde batetik, garrantzi handia ematen diegu hemengo lehengaiekin egiten diren eskulanei eta elikagaiei. Jaietara ere eramaten ditugu gure bisitariak. Criollo-en trebetasuna oso erakargarria egiten zaie turistei ‘jinateadetara’ eramaten ditugunean”, adierazi digu Cubiatebehere proiektuko turismo aholkulariak,

Pampa sakonean egiten diren bidaia hauek beste ezaugarri berezi bat dute. “Euskal immigrazio handia jaso zuen iraganean Tres Arroyos partiduak eta euskaldun horien presentzia, nabaria da herrietan zein kanpoan. Hori dela eta eskualdean barrena egiten ditugun ibilbideetan aztarna horien berri ematen diegu bisitariei eta euskal sukaldaritza, dantza, musika eta euskara ere ezagutzeko aukera ematen diegu”, azaldu digu Cubiatebeherek. “Bi kulturen -Euskal Herrikoa eta Argentinakoa- arteko elkar bizitzaren ondorioak dira hemen garatzen diren hainbat ekintza; horregatik Argentinako baita Euskal Herriko publikoari dago zuzenduta gure proposamena”.

Tres Arroyoseko Euskal Pampa 2012 01

[Euskal Herriarekiko lotura nabaria da txoko guztietan]

‘Pampa Vasca’ Landa Turismo proiektuak aukera anitz ematen dizkio hiritik atera nahi duen eta bizimodu autoktonoarekin harreman berezia izan nahi duenari. “Bidaiak turistaren interesak kontuan hartuz antolatzen ditugu. Eta baserrietako giroa ezagut daiteke, baina gure kostaldeko hondartzak eta herrixkak ere bai. Dataren arabera, herrietako ospakizunetan hartzen dugu parte. Adibidez, aste honetan –apirilaren13an- ‘Olibondo-bidea’ egingo da Coronel Dorrego hirian, eta ikustea merezi duen ekitaldia da. Interesatuak izatekotan oso helmuga polita da hori”.

Jakina denez, ‘asteburu luze’ batzuk izango ditugu aurten Argentinan eta aitzaki eder bihur daitezke paseotxo bat egiteko. Hirietako zarata eta jendetzatik aldendu nahi dutenek ‘Euskal Pampa’ proiektuko arduradunekin jar dezakete kontaktuan: Hiru Erreka euskal etxea, Sarmiento kalean, 375, telefono zenbakia, 02983 – 421121; edo helbide hauetan: pampavasca@gmail.com edo zenbakaitz@speedy.com.ar.

Lotura interesgarriak

‘Euskal Pampa’-ren bloga
www.pampavasca.blogspot.com



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia