euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

‘Emakumeak’ antzezlana, omenaldia eta 16. urteurren jaiaren data aldaketa, Jose C. Paz-eko Toki Eder-en

2012/05/24

Fuego Otoñal antzerki taldea euskal etxeko lagunekin (argazkia EE)
Fuego Otoñal antzerki taldea euskal etxeko lagunekin (argazkia EE)

PUBLIZITATEA

2012ko egitarauari zintzo jarraituz, Fuego Otoñal taldeak ‘Emakumeak’ antzerki lana aurkeztu zuen joan den larunbatean Jose C. Paz-eko Toki Eder euskal etxean. Emanaldia bukatzean, aktoreek euskal erakundeko lehendakaria den Maria Angeles Oñederra gonbidatu zuten agertokira omenaldi bat egiteko. Datozen hilabeteei begira, Toki Eder-etik jakinarazten digute aurrera jarraitzen dutela euskal etxean gauzatzen diren tailer eta ikastaroek eta erakundearen 16. urtemugari dagokionez, festaren data aldatu dela: hitzordua ekainaren 24an izango da, Altube Klubean.

Jose C. Paz, Argentina. Ekintza programa oparoa prestatu du aurten Buenos Aires probintziako Jose C. Paz-eko Toki Eder euskal etxeak bere komunitatearentzat. Izan ere, kultur eskaintza apirilean abiatu zen eta horrekin batera, euskara eta dantza eskolak, pintura eta literatura tailerrak, bilerak eta ospakizunak oro har.

Joan den larunbatean, maiatzaren 19an, antzerkiaren txanda izan zen. Euskal etxeko kultur arloko kideek antolaturik, Fuego Otoñal izeneko antzerki taldeak ‘Emakumeak’ antzezlanaren emankizuna eskaini zuen Toki Eder-eko areto nagusian. “Elsa Stabileren zuzendaritzapean, zazpi emakumek umorez, deabrukeriaz eta oroitzapenez betetako eguneroko bizitzako egoerak antzezten dituzte”, azaldu diote EuskalKultura.com-i Toki Eder-tik.

Jakinarazi digute baita ere, ‘Emakumeak’-en larunbateko emanaldia sorpresa polit batekin amaitu zela. “Antzezlana amaitzean, aktoreek agertokira hurbiltzera eskatu zioten Maria Angeles Oñederra lehendakariari eta omenaldi bat egin zioten ‘Honrar la vida’ abestia kantatuz.  Une hunkigarri eta ahaztezina izan zen”, adierazi digute Jose C. Paz-eko lagunek.

Sukaldaritza

Bestetik, eta egitarauan iragarri legez, maiatzaren 10ean Sukaldaritza lehenengo eskola gauzatu zen euskal etxean. Elkarretaratze honetan, Maria de los Angeles Garmendiak urdaiazpiko kroketak egiten irakatsi zuen. Maria Angeles Oñederrak ere hartu zuen parte klasean bakailaoari buruzko ‘sekretu’ batzuk kontatzen eta Aurora Darreche liburuzainak gastronomiarekin zerikusia duten testuak jarri zituen eskuragarri ikasleek kontsultatu ahal izan zitzaten. Lehenengo topaketa hau bukatzeko Argiñano chefaren bideo bat proiektatu zen eta ondoren, prestatutako platerak partekatu zituzten bildutako lagunek.

Toki Eder-en 16. Urtemuga

Urtero bezala, aurten ere ospatuko da, ekainean, Toki Eder euskal etxearen urteurrena. Haatik, hirian data berean ospatzekoak ziren beste ekitaldi batzuengatik, jaiaren data aldatu behar izan dutela jakinarazi digute euskal etxetik. “Martxoan prestatutako egitarauan festa ekainaren 14an izango zela iragarri genuen, baina aldatu behar izan dugu, eta ekainaren 24an izango da. Data kenduta, gainerako den-dena planifikatu genuen bezala izango da, dantzariek euskal piezak egingo dituzte Zulma Aldabe euren zuzendariarekin, musika ikuskizun bat izango dugu Martin Sosa abeslariarekin, eta menuari dagokionez, jadanik ospetsua den gure paella erraldoia”, azaldu digu Maria Angeles Oñederrak. Jaia igandez, ekainaren 24an izango da, eguerdiko ordu batean. 200 txartel jarriko dira salgai, 130 pesotan. Informazio gehiago eskuratzeko, idatzi toki_eder@speedy.com.ar helbidera.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia