euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Laguntza bonoak salgai Saladilloko Itxaropen-ek, egoitzaren eraikitze lanak bukatzeko azken txanpan

2012/04/24

Saladilloko Itxaropen euskal etxearen egoitza (argazkia Saladillo egunkaria)
Saladilloko Itxaropen euskal etxearen egoitza (argazkia Saladillo egunkaria)

PUBLIZITATEA

Euskal etxearen egoitza bukatzeko lanen azken txanpari ekin nahi diote Saladilloko euskal etxeko arduradunek. Kari horretara komunitate osoari eskatu diote laguntza, baina trukean sari batzuk emanez. Izan ere, eta aurreko urteetan egin duten legez, euskal erakundeak 200 pesoko bonoak kaleratu ditu pasa den astean eta bonoak erosten dituzten partaideek Euskal Herrira bidaiatzeko txartelak irabazteko aukera izango dute. Baliabideak biltzeko helburu berarekin, apirilaren 30ean ohiko ‘buseca’ salduko du Euskal Etxeak. Eraikina ordurako prest izango dutelakoan, 2013ko Mus Txapelketa Nazionalaren egoitza izan nahi dute Saladilloko euskaldunek.

Saladillo, Argentina. Gero eta gutxiago falta da Saladilloko Euskal Etxeak bere egoitza propioa inauguratu ahal izateko. Behin-behineko data uztailaren 31a da, hau da, San Inazio eguna; baina oraindik zenbait urrats eman behar dira eta aurrera egiten laguntzeko bonoak jarri ditu salgai Itxaropen-ek. Dirua biltzeko proposamen honetan parte hartzen duten pertsonak zozketa batean sartuko dira, sariak hauexek: 1goa: Euskal Herrira joateko bi bidaia; bigarrena, 3.000 peso; hirugarrena, 1.000 peso.

Bonoak berrehun pesoko ordainketa bakar batean edo epeka ordain daitezke, 50 pesoko lau kuotatan. Aldi berean, odainketak garaian egiten dituztenek 500 peso irabazi ahal izango dituzte uztail, abuztu, irail eta urrian egingo diren beste lau zozketetan. Zozketa nagusia, baina, datorren abenduaren 3an izango da, Euskararen Nazioarteko Egunarekin batera. Bonoak erosi nahi dituztenek, e-mailez jarri behar dute kontaktuan euskal etxeko kideekin: itxaropena98@argentina.com helbidean.

“Iazko irabazleak datozen egunetan, apirilaren amaiera bidaiatuko dira Euskal Herrira eta abiatu aurretik agur ekintza bat egingo diegu euskal etxekook”, adierazi dio Itxaropen-eko Hector Altamira lehendakariak herriko La mañana egunkariari.

Egoitzari dagokionez, Altamirak jakinarazi duenez “datozen egunotan komunak, sukaldea, gasa eta argindarra jarriko dira. Euskal baserri itxurako aitzinaldea ere jarriko da. Dena ondo ateratzen bada uztailaren 31ean egingo dugu inaugurazioa”, iragarri du.

'Buseca': Sosa biltzeko urteroko beste ohitura bat

Aspaldiko beste ohitura bati jarraituz, datorren astelehenean, jai egunaren bezperan (Maiatzaren Lehena da asteartea), 'buseca' [Argentinan oso preziatua den haragi platera] prestatuko dute euskal etxeko sukaldariek zatika saltzeko. Interesatuek Álvarez de Toledo kaleko Pablo VI aretora bertaratu behar dute eguerdi aldera. 200 puska eskainiko dira 30 pesotan bakoitza.

2013rako proiektuak

Urtero burutzen da Argentinan Mus Txapelketa Nazionala, nazioarteko lehian herrialdea ordezkatuko duen jokalarien bikotea erabakitzeko, besteak beste. Aurtengo Txapelketa Nazionala Junin-en izango da, bertako Arbola Bat euskal etxeak antolatuta, maiatzaren 25ean. “Egoitza prest baldin badugu, datorren urtean gustatuko litzaiguke egoitza Saladillo izatea. Lehenengo aldia izango litzateke. Lortzen badugu herri osoa egon beharko da prestatuta 200 bat laguni hiru eguneko ostatua emateko”, azaldu du euskal etxeko lehendakariak bertako egunkarian. Bitartean erakundeko barruko lehiaketa joan den igandean burutu zuen Itxaropen-ek.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia