euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

‘Buenos Airesek Euskal Herria ospagai’ jaialdiaren 2012ko edizioak badu data: abuztuaren 26a

2012/06/21

'Buenos Aireseko Euskal Herria ospatzen du' 2011ko edizioa (argazkia EuskalKultura.com)
'Buenos Aireseko Euskal Herria ospatzen du' 2011ko edizioa (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

'Buenos Aires celebra' edo 'Buenos Airesek ospatzen du' delako hitzordua, Argentinako hiriburuak kanpoko kolektibitateen omenez antolatzen duen ekitaldi bat da. Buenos Airesko Udalak bultzatzen duen erakustaldi hau hilero burutzen da, eta azken hiru urte hauetan 25 herrialdek izan dute euren kultura Rio de la Platako biztanleengana hurbiltzeko aukera. Iazko egitarauan euskaldunek ere izan zuten euren tokia eta abuztuaren 28an milaka lagun bildu ziren Buenos Aires bihotzean euskal nortasuna dastatu eta gure kulturaz loriatzera. Laurak Bat euskal etxea antolatzaile, paregabeko eskarmentu hori aurten ere bizi ahal izango da. Hitzordua, abuztuaren 26an, igandean. Aukera baduzu, ez zazu gal!

Buenos Aires, Argentina. ‘Buenos Airesek Euskal Herria ospagai’ da kontsigna baina iazko abuztuaren 28an Mayo etorbidean gertatutakoari erreparatzen badiogu ikusiko dugu izenburua mugatua geratu zela, deialdia Argentinan bizirik dagoen/dauden euskalduntasunaren, euskal izpiritu eta elkarteen, euren ekintza eta jardunen eta hori guztia jendaurrean adierazi eta erakutsi nahi izanaren adierazgarri eta agertoki bilakatu baitzen Buenos Airesko euskal gogoaren leherketa ta ospakizun alai izan zen ekitaldian. Izan ere milaka lagunek hartu zuten parte Laurak Bat euskal etxeak kudeatu zuen ekitaldian; Buenos Airesekoak ez ezik, Argentina osoko euskaldunak bertaratu ziren Mayo plazaren ingurura, euren izaera eta gogo-muin hori gainerako herritarrekin partekatzeko.

Erakusketei dagokienez, stand, oholtza eta kultur guneetan aurkeztu ziren euskal kultur adierazpen guztiak euskal etxe eta euskal erakunde askoren elkarlanaren emaitza izan zen, Buenos Aireskoak eta baita barrualdeko hirietakoak ere. Proposamenak, partaideak bezala askotarikoak izan ziren, hainbat alor ikutuz: hezkuntza, euskara, musika, dantza, kirol, sukaldaritza, argitalpenak, genealogia, gizarte laguntza eta turismo arloetan murgiltzeko aukera izan zuten bisitariek euskal nortasunera hurbiltzeko euren ahaleginean.

Esperientzia eder hura errepikatzeko asmoz, 2012ko ‘Buenos Aires celebra’ antolatzeari ekin diote  Laurak Bat euskal etxeko arduradunek. Data finkatu dute: abuztuaren 26an izango da, iazko leku berean eta goizeko 11etatik iluntzeko 6ak arte. Gizarte sareak lagungarriak izango dira oso deialdia biderkatzeko; antolatzaileek Facebook-eko kontu bat jarri dute abian jaialdiaren prestakuntzaren urrats berri eta xehetasunak plazaratu eta hedatzeko. Kontua ‘BsAscelebra País Vasco Difusión’ da eta bertatik jaialdian parte hartzeko gonbitea luzatzen zaio populazio osoari, baita egun horretan inguruan ibili daitezkeen EuskalKultura.com-eko irakurleei ere.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia