euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

‘Buenos Airesek EH ospagai’ jaian bukatuko du igandean Toti Martinez de Lezeak Argentinarako bere bisita

2014/05/05

Toti Martinez de Lezea
Toti Martinez de Lezea

PUBLIZITATEA

Egun gutxiko baina ekintzez betetako bidaia egingo du aste honetan Toti Martinez de Lezea idazle euskaldunak Argentinara. Helburua Atlantikoaren alde honetan bere lana era masiboagoa ezagutaraztea da eta hori dela eta Buenos Aireseko Liburu Azokan hartuko du parte. Hala ere, eta berak azaldu duen legez, “bidaia egiteko arrazoi nagusia da Argentinako euskal jatorrizko jendea ezagutu ahal izatea; haiekin elkartu nahi dut Euskal Herriari buruzko hainbat gauza kontatzeko”. Kari horretara, Buenos Aires eta La Platako euskal elkarteak bisitatu ondoren ‘Buenos Airesek Euskal Herria ospagai’ festan ere izango da Martinez de Lezea.

Buenos Aires, Argentina. Bolada bizia ari da bizitzen egunotan Argentinako euskal gizataldea. Bisitak ez dira gutxi izaten ari eta ekitaldiak bata bestearen atzetik datoz jendearen engaiamendu eta partaidetza erakutsiz. Euskal Herritik etorritako bisitarien artean, gogora dezagun apirilean Aitor eta Amaia Merino zine zuzendariak, Joseba Gotzon abeslaria eta Kepa Etchandy argazkilaria etorri direla eta esparru instituzionalean, Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendari Asier Vallejo izan dugula gure artean apirilaren 22tik 27ra. Ekintzak ere ugari izan dira, baina oihartzun handiena izan dutenen artean, Aberri Eguna eta Gernikako Bonbardaketaren urtemuga gogoratzeko topaketak, Gure Arropa erakusketa eta FEVAren Biltzarra aipa ditzakegu.

Maiatzean ez dirudi joera aldatuko denik eta Buenos Airesko Nazioarteko Liburu Azokako euskal standa martxan dagoen bitartean, euskal gizatalde osoa datorren larunbatean ‘Buenos Airesek Euskal Herria ospagai’ ekitaldiari begira egongo da. Bisitarien etorrera ere ez da etengo eta maiatzaren 7tik 11era Toti Martinez de Lezea izango da ekintza askoren protagonista.

Idazle arabarrak Buenos Airesera egingo duen lehenengo bidaian, Liburu Azokan ez ezik, euskal etxeetan ere eskainiko ditu hitzaldiak Martinez de Lezeak, bere asmo aitortua baita Diasporako kideak ezagutu eta elkarren berri izatea. Bere esanetan, “Liburu azokak, oro har, nahiko antzekoak izan ohi dira. Bidaia hau egiteko erakarri nauena, Argentinako euskal jatorrizko lagunekin elkartzea izan da eta euskal kultura elkarren artean partekatzea”.

Asmo hau buruan, zeinbat hitzaldi emango ditu Martinez de Lezeak aste honetan. Hona egitaraua:

Maiatzaren 7an
-16:00etan, Buenos Aireseko Liburu Azokan: ‘Nobela Historikoa: Azpigenero literarioa? Moda? Literatur tradizioa’ izenburuko hitzaldia.  
-18:30etan, liburu sinatzea Liburu Azokako Euskal Standean, pabilioi horiko 1899. zenbakian.

Maiatzaren 8an
-18:00etan: ‘Euskal kultura nire liburuetan’ hitzaldia Argentinar Nazioko Kongresuko Liburutegian, Adolfo Alsina kaleko 1835. zenbakian. Buenos Aireseko 'Universidad Vasca'k antolaturik, sarrera libre eta doakoa

Maiatzaren 9an
-15:00etan: ‘Herriaren oroimena, ahozko eta idatzizko literaturan zehar’ hitzaldia La Platako Unibertsitate Nazionaleko Errektoretzako ‘Alfredo Palacios’ areto nagusian, 7. kaleko 776. zenbakian. Antolatzaile: La Platako Gogoetarako Euskal Katedra Askea eta La Platako Unibertsitate Nazionaleko Espainiako Literatura Katedra.
-19:00etan, ‘Emakumea eta Literatura: emakume idazlea izateko zailtasunak’. Lekua: La Platako Francisco Lopez Merino Liburutegian, 49. kaleko 835. zenbakian. Antolatzaileak: La Platako Gogoetarako Euskal Katedra Askea, Euzko Etxea Euskal Etxea, Francisco Lopez Merino Liburutegia eta La Platako Udaleko Kultur eta Hezkuntza Idazkaritza.

Maiatzaren 10ean
-20:00etan: ‘Euskal Emakumea: matriarkatua, ogibideak, sorginkeria eta gaur egungo egoera’ izenburupeko hitzaldia. Lekua: Euskaltzaleak, Bernardo de Irigoyen 826. zenbakia, Buenos Aires.

Maiatzaren 11an
-11etatik arratsaldeko 6ak arte: ‘Buenos Airesek Euskal Herria ospagai’ ekitaldian, Euskadiren Argentina-Mercosur-erako Ordezkaritzaren standean



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia