euskal diaspora eta kultura
2013/06/06
PUBLIZITATEA
Corpus Christi, Argentina. Ekimen askoren bultzatzailea da Corpus Christiko Euskal Etxeko Atahualpa Yupanqui liburutegia. Ondorioz, gero eta beharrezkoagoa zen erakundearentzat leku ahalik eta eroso eta egokiena izatea. Ametsa azkenik errealitate bihurtu da eta duela aste batzuk bere lokal berrian ari da funtzionatzen instituzioa.
Ekitaldi publikoei dagokienez, Euskal Zine Ziklo behar da aipatu. Zikloaren lehenengo emanaldia datorren igandean, ekainaren 9an, izango da, arratsaldeko 5etan. Carlos Gabilondo aurkezle, Montxo Armendariz-en ‘Bihotz Ondoko Sekretuak’ proiektatuko da. Gogora dezagun Buenos Airesko zine aditu hau Misiones probintzia ari dela bisitatzen eta gaur bertan Julio Medem donostiarraren 'Euskal Pilota. Larrua harriaren kontra’ filma aurkeztuko duela Misioneseko Unibertsitatearen 40. urteurrenaren inguruan antolatutako ekimen batean.
Liburutegiaren egoitza berriaren inaugurazioari dagokionez, uztailaren 15ean burutuko da, Eusko Etxeak gauzatuko duen Euskal-Argentinar Kultur Jaiaren baitan.
Corpus Chriti-ko 2013ko Euskal Kultur Jaia
Herriko eta kanpoko euskaldunak biltzeko asmoa duen festa horrek egitarau oparoa eskainiko du aurten ere. Jaia uztailaren 15etik 21era luzatuko da eta ekintzetako batzuk baieztatzeke dauden arren, behin-behineko programa orokorra pasa diote EuskalKultura.com-i Eusko Etxea-ko agintariek. Hauxe:
-Uztailaren 15ean, arratsaldeko 3etan, Atahualpa Yupanqui liburutegiaren egoitzaren inaugurazioa egingo da. Liburutegiko Irakurgela ‘Guillermo Larregi’ izenarekin bataiatuko dute. Ondoren, V. ‘Kontaketa Harrigarriak’ Literatur Lehiaketaren sariak banatuko dira. Euskal kulturari buruzko tailerreko haur eta gazteek ‘Euskotarrak gera gu’ (sic) izeneko antzezlana egingo dute. Ekitaldi berean Euskal Baserriei buruzko argazki erakusketa inauguratuko da.
-Uztailaren 16an, goizeko 10:00etan, Ibilbidea Curupayti-raino. Piknika. Jolas eguna. Argazki, pintura eta literatur Lehiaketak.
-Uztailaren 17an, arratsaldeko 3:00etan, Euskal Kultur Tailerreko Antzerkia: a) ‘Blanca eta otso laguna’ (Antzerki irakurria); b) ‘Mafaldaren mundua’. Askaria.
-Uztailaren 18an, Euskal Dantza Tailerra (baieztatzeke)
-Uztailaren 19an, Cesar Arrondoren ‘Gernika, atzo eta gaur’ hitzaldia. Dokumentala. Lagunen arteko afaria.
-Uztailaren 20an, goizeko 10:00etan, Zine ‘Espres’ Tailerra, Saladilloko Favio Junco eta Julio Midu zuzendarien ardurapena. Bazkaria.
-Uztailaren 21ean, iluntzeko 7etan, Zine ‘Espres’ Tailerrean egindako filmaren proiekzioa. Agur afaria.
Iragan maiatzeko aktibitateak
Corpus Christiko euskal etxeak joan den hilabetean burututako ekitaldien berri ere eman digu. Alde batetik, bost lagun omendu zituzten maiatzaren 8an Langileen Eguna ospatzeko burutu zen zeremonian. Sarituak bertako jatorrizko leinuetako ordezkari diren Antonio Morinigo, Vidal Duarte eta Mauro Duarte izan ziren; eta, bestetik, euskal etxeko kide Eva Carolina Lopez eta Carmen Miranda. Bakoitzak diploma bat jaso zuen. Sari-emanaldia bukatuta, askaria partekatu zen.
Maiatzaren 25ean, azkenik, euskal etxeko ordezkaritza talde batek --Olga Leiciaga, Gladys Ferragut, Carmen Miranda eta Eva Carolina Lopez partaide-- ikurrina eraman zuen Gral. San Martin Plazara, jai-egun argentinar garrantzitsu honetan euskal etxearen eta oro har euskal gizataldearen ordezkaritza eramanez.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus