La Plata, Argentina. Bukatu berria den 2018an La Platako Euzko Etxeak bertako aldizkaria berreskuratu du, Eguzkia izenpean. Izan ere, Eguzkia, La Platako euskal elkarteak 1973tik 1977ra plazaratu zuen aldizkaria izan zen, orain berreskuratu eta berpiztu dena elkarteko agerkari eta hiruhilabetekari gisa, diseinu, kolore eta eduki gaurkotu eta eraberrituta. La Platako euskal gaiak eta orokorrean euskal kultura eta Euskal Herriko eta Diasporako gaiak jorratuz, internet bidez irakur eta jaitsi daiteke, modu errazean.
Lau dira 2018an Eguzkiak plazaratu dituen zenbakiak, martxoan, ekainean, irailean eta abenduan; abendukoak, gainera, gehigarri bat ere atera du, aurreko Eguzkiari 1977an argitaratu gabe geratu zitzaion azken ale bat, Jorge Ilarregui egile. Bitxia egiten da duela berrogei urteko ale hori irakurtzea, orduango testuinguru eta gaiekin, eta merezimendu osoz modu artesanalean egina.
La Platako Euzko Etxearen eskariz, Eguzkia hiruhilabetekaria EuskalKultura.com-en bitartez ere eskura daiteke orain, hemen. Datozen aleak, ateratzen doazen heinean, bertara biltzen joango gara.
Hona estekak (On egin!):
-La Plata Eguzkia 2018 - 01 martxoa-marzo
-La Plata Eguzkia 2018 - 02 ekaina-junio
-La Plata Eguzkia 2018 - 03 iraila-septiembre
-La Plata Eguzkia 2018 - 04 abendua-diciembre
-La Plata Eguzkia 2018 - 04a gehigarria-suplemento
-Eguzkia-ko zenbaki guztiak: www.euskalkultura.com/euskara/dokumentuak/eguzkia