Maipú, Argentina. 'Bihotzetik' 2018aren erdialdera osatu zen, eta bere lehenengo emanaldiak Euskal Diasporaren Egunean eta Euskal Etxearen urteroko Euskal Festan izan ziren. Taldearen helburua Anaitasuna Euskal Etxeko Egunabar dantza taldeari laguntzea da zuzeneko musikarekin. Fabian Maya Lora soinu-joleak, Julian Robles txistulariak eta Rocio Andrada abeslariak osatzen dute hirukotea baina Euskal Etxetik jakinarazten digutenez, prest daude taldekideak jende eta musika tresna gehiago onartzeko.
Taldeak Zelaia, Gozategi eta Kepa Junkeraren --besarkada bero bat, Kepa, zauden ospitaleraino-- lana dute gustuko eta beraz beraien aire eta doinuak bildu dituzte batez ere euren errepertoriora. Hala ere, abesti zerrenda zabaldu nahi dute musikariek: “tradizioei esanahia indartu eta bizirik mantentzen laguntzen duen herriko kantutegi bat osatu nahi genuke”, diote maiputarrek.
Proiektuari jarraipena emateko taldearen lana grabatu eta artxiboa osatu nahi du Euskal Etxeak. Horretarako Udalak laguntza emango die, grabazioak egin ahal izateko leku egoki baterako ateak zabalduz.
[Julian Robles eta Fabian Eduardo Maya Lora dira ‘Bihotzetik’ . Abesti hau Euskal Etxearen urteroko Euskal Jaian jo zuten]