euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

2017ko Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta egindako Adierazpen Instituzionala

2017/12/03

ENE Adierazpena 2017:  "Euskara auzolan. Euskarak lankide nahi eta behar gaitu, urtean 365 egunez"
ENE Adierazpena 2017: "Euskara auzolan. Euskarak lankide nahi eta behar gaitu, urtean 365 egunez"

PUBLIZITATEA

Auzolanaren beharra euskararen erabilera normaldu dadin eta egun bakarreko ospakizunetatik haratago urteko 365 egunetan zehar egunero partekatu beharreko jarrera izan dadin, bi ideia hauek munduan zehar 2017ko ENE Euskararen Nazioarteko Eguna dela-eta banatu eta irakurritako mezuak aldarrikatutako kontzeptuak dira. "Euskara auzolan. Euskarak lankide nahi eta behar gaitu, urtean 365 egunez" izenburupean, hauxe da aurten plazaratutako mezuaren testu osoa.

Euskara urtean egun batez dugu ospakizunerako gai, eta 365 egunez langai. Elkarlanerako gai. Adostasunerako gai. Eta ospakizun eguna baliatu nahi dugu, hain zuzen, ilusioaren hauspoa haize berriz betetzeko. Indar berriez sendotzeko denon eginahala. Hori behar baitu euskarak, hori behar baitugu euskara guztion ezpainetan, kaleetan, etxeetan, ziberespazioan, lantokietan, pantailetan, paperetan nahi dugunok: ilusioa. Eta elkarlana. Auzolana.

Ilusioa eta elkarlana, inork garai likidotzat definitu dituen gure gaurko hauek euskaltzaletasunez borborka jartzeko.

Ilusioa eta elkarlana, euskararen lurralde eta esparru juridiko guztietan ahalik eta erarik bateratuenean gure hizkuntzarentzat etorkizun bizia irabazteko. Elkarrenganako adeitasunez. Elkartasunez.

Ugari izan dira eta dira han-hemengo herritarrek euskara eskuratzeko eta lantzeko egindako ahaleginak. Hor dugu euskarak elikagai ezinbestekoa duen euskaldun berri andana itzela. Hor ditugu semealabak euskaraz ikas dezaten nahi izan duten guraso erdaldunak. Hor ditugu dakiten euskara ezpainetan dantzatzen ahalegintzen direnak… Zenbat halako azken hamarkadotan: zenbat ahalegin pertsonal zein kolektibo, publiko zein herri ekimenekoak. Horiei guztiei zor diegu euskarak bizi duen errealitatea.

Orain, eta hemendik aurrerako urteetan, euskararen erabilera etengabe eta bizi-bizi areagotzea dugu langintza nagusi, ezagutzaren handitzearekin batera euskararen aldeko hizkuntza ohituren aldaketa sakona gauzatu dadin. Mingainak dantzan jartzeko premia dugu, eta, bistan denez, mundu aldakor honetan, kantu eta kontu berriak behar ditugu horretarako.

BIDE BERRIAK, BIDE GUZTIAK

Hala nahi zuen jokatu Lizardi handiak literaturgintzan. Hala behar du euskarak. Halaxe behar du euskalgintzak ere.

Emankor gertatu dira, bistan denez, ibilitako bide asko. Eta elkarlana da emankortasun hori auzolanean areagotzeko giltzarria. Une aproposa da administrazioek eta herri ekimenak auzolanean bide berriak zabaldu, eta gehiengo soziala euskararen alde egotetik euskararen alde egitera eramateko. Euskara erabiltzera eramateko. Une aproposa da euskararen lurralde eta eremu guztietako herri aginteen arteko lankidetza ere berrikuntzaren bidetik sendotzeko. Erabileraren mesedetan.

Eta euskarak elkarlan horien guztien premia du. Ezinbestez. Ideien konfrontazioari uko egin gabe, irtenbideak adostuz, bakoitzaren eginkizun eta erantzukizunekiko errespetuz, elkarrenganako leialtasunez, eta denok norabide berean bultzatuz.

Bakarka ezinezkoa da. Auzolanean, guztiz ilusionagarria.

365 EGUN

Musikari bakar batek ezin du orkestra oso baten doinua aldatu, zuzendariaren eta gainontzeko musikarien laguntza gabe. Euskal hiztun bakar batek nekez aldatuko ditu hizkuntza ohiturak, gizartearen babesik izan ezean.

Hizkuntza ohiturak aldatzeko bide luzean, euskararen aldeko gehiengo soziala aktibatu behar: euskararen lurralde guztietako administrazioak zein herri ekimena. Lurralde eta eremu guztietako erakundeak. Gizarte ekimeneko euskalgintzako taldeak zein bestelako esparruetakoak. Euskaldun osoak, euskaldun hartzaileak eta erdaldunak.

Malgutasunez. Herri bakoitzaren errealitatera egokituz. Tokiko eragileekin urratsak adostuz. Parte hartzaile guztiak ahaldunduz. Euskaltzaletasunaren sua indartuz hala Angelun nola Andoainen, Barkoxen zein Barakaldon, Eltziegon eta Erronkarin.

Auzolana da bide bakarra. Hizkuntza ohituren aldaketa kolektiboa izanen da ala ez da izanen.

Euskararen Eguneko gure konpromisoa, datozen 365 egunotan izan dadin lan egitea. Auzolanean lankide zintzo.

Euskara auzolana baita.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia