euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

2017ko Euskal Asteko lehen gonbidatuak aurreratu ditu San Nicolaseko EEak, bere ekimen solidarioekin segitzen duela

2017/07/06

Etxe Nasaia programaren barruan ekainean Euskal Etxea bisitatu zuten ikasleak
Etxe Nasaia programaren barruan ekainean Euskal Etxea bisitatu zuten ikasleak

PUBLIZITATEA

Bertako Euzkal Etxea (sic) elkarteak aurreratu egin ditu San Nicolasen azaroaren 6tik 12ra egingo den 2017ko Euskal Argentinar Aste Nazionalera etorriko diren lehenengo gonbidatuen izenak. Euskal Asterako prestakizunek ez dute, ordea, erakundearen eguneroko martxa moteltzen. Argi dago hori, esaterako, EEko sukaldari taldearen lan solidarioari dagokionean, uztailaren 2an herriko Karitasek, euskaldunak deitu baitzituen bere 50. urteurrenaren karietara antolatutako bazkari erraldoiaz arduratzeko.

 

San Nicolas, Argentina. San Nicolas hiria izango da aurten Euskal Aste Nazionalaren egoitza eta Euzkal Etxeko lagun eta kideak erabat murgilduta daude antolakuntzan. Jaia azaroaren 6tik 12ra izango da baina ohikoa den legez aktibitate nagusiak asteburuan izango dira. Ekitaldirako lau hilabete falta direnean, jaiaren programaren lerro nagusiak marraztuta dauzkate Euzkal Etxeako arduradunek. Urteroko bezala, Euskal Herritik bisitariak etorriko dira euskal festara eta euren partaidetza baieztatu dutenen artean aipa daitezke dagoeneko, kantarien artean, Xabaltx, Mikel Urdangarin eta Joseba Gotzon, eta baita Donostiako Otxotea ere. Politikaren arloan, Juan Jose Ibarretxe lehenakaria eta Gure Esku dago herri mugimenduko koordinatzaile Angel Oiarbide bilduko dira Argentinako euskal diasporarekin.

Ekintza berezien artean, Etxe Nasaia programaren 15. urteurrena ospatu nahi dute sannicolastarrek eta euskararen erabilera sustatzeko Mintzodromo bat antolatuko dute. Urtero legez, dantza taldeen erakustaldiak behar dira aipatu –antzokiko emanaldian zuzeneko musika gailenduko da– baita Abesbatzen Topaketa eta erromeriak ere, 2017ko San Nicolaseko Euskal Aste Nazionaleko programa barnean.

Hori guztia prestatzeak ez ditu, baina, euren bestelako ekimenetatik aldendu San Nicolaseko EEko kideak. Etxeko sukaldari taldeak, adibidez, uztail hasieran bertan bururatu zuen bere sukaldaritza ekitaldi erraldoi horietako bat, herriko Karitasek eskatuta. Izan ere, Fundazioak deiturik Euzkal Etxeko sukaldariek prestatu zuten San Nicolaseko Karitasen 50. urteurreneko bazkaria uztailaren 2an. Ekitaldi jendetsuentzako menuak prestatzen esperientzia handia duten Euskal Etxeko sukaldariek paella prestatu zuen 500 lagunentzat.

Ekintza solidarioak

Ez da kasualitate hutsa izan Karitasek Euskal Etxearengana jotzea. Izan ere, elkartasunaren benetako ikur bihurtu da azken urte hauetan San Nicolasen bertako Euzkal Etxea. Erakundeak aurrera eramaten dituen proiektu solidarioen artean Etxe Nasaia, Diasporaren Herri Kirolak, Irakurriz Hazi eta Umeak Jolasean dira nagusiak.

Etxe Nasaia, gainerakoen aurrekaria, 2001 urtearen amaieran sortu zen bi helbururekin: momentu hartan Argentina pairatzen ari zen krisi ekonomikoaren ondorio larriak eskola-umeen artean leuntzen saiatzea eta, aldi berean, euskal etxearen eta gizartearen arteko loturak sendotzea. Programaren barruan hilean behin joaten dira neska-mutilak Euskal Etxera eta han euskal kultura ezagutzeko hainbat ekintza egiten dituzte, tartean pintura lehiaketa bat,  marrazkiak egiteko Euskal Etxeak berak ematen dizkielarik materialak ikasleei.

Irakurriz Hazi izeneko programaren asmoa irakurmena sustatzea da eta, ondoren, irakurmenaren bidez Euskal Herriko kultura ezagutaraztea. Programa bigarren hezkuntzako 1., 2., eta 3. urratseko ikasleei dago zuzenduta eta Euskal Etxeko liburutegiarekin batera egiten da. Diasporaren Herri Kirolak programak Euskal Herriko kirol tradizionalenak ditu ardatz eta Euskal Etxeko heziketa fisiko irakasle baten ardurapean dago. Umeak Jolasean haurtzaindegietako haurrei dago zuzenduta eta jolas jarduerak ditu nagusi. Programen barruan hilean behin eskola publiko bateko ikasleak joatean dira Euskal Etxera eta bertan euskal kulturarekin lotura duten ekintzak egiteaz gain gosaria edota bazkaria edota askaria –sdoazen orduaren arabera– hartzen dute.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia