euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

2016ko Gaztemundu euskal sukaldaritzari buruzkoa izango da eta urriaren 1etik 16ra egingo da Donostian

2016/06/29

2014ko Gaztemundu programako partehartzaileei harrera Lehendakaritzan (argazkia Irekia)
2014ko Gaztemundu programako partehartzaileei harrera Lehendakaritzan (argazkia Irekia)

PUBLIZITATEA

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak Gaztemundu programaren aurtengo deialdia onartu zuen atzo. Euskal sukaldaritza izango da aurten euskal etxeetako gazteei zuzenduriko trebakuntza programaren ardatza, eta guztira 25 lagunek parte hartu ahalko dute. Eskabideak aurkezteko epea deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ostean irekiko da.

Vitoria-Gasteiz. Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak Gaztemundu programaren aurtengo deialdia onartu du. Aurten 80.000 euro bideratu dira programara (iaz baino 30.000 euro gehiago), kanpoko euskal etxeetako 18 eta 35 urte bitarteko 25 gaztek gehienez, egonaldi bat egin dezaten Donostian urriaren 1etik 16ra.

Aurtengo programaren ardatza euskal gastronomia izango da. Sektore honek garrantzia du bai Euskadin eta baita kanpoan ezarritako euskal komunitateetan ere; izan ere, euskal jatetxe eta gastronomia elkarte ugari daude euskal etxe askotan eta horien inguru soziokulturalean.

Gaztemundun parte hartzeko interesa dutenek eskabidea aurkeztu beharko dute Lehendakaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusian, deialdia EHAAn argitaratu ondoren.

Euskal Gizataldeen azken bi mundu batzarretan –2011n eta 2015ean izan ziren batzar horiek– nabarmendu zen garrantzitsua dela Euskal Etxeen bitartez sustatzea euskal gastronomiaren ezagutza, praktika eta hedapena, euskal emigrazioa jaso duten herrialdeetan gorde eta zabaldu behar den ondare kulturaltzat jotzen baita euskal gastronomia.

Horrela, adituek prestatutako gaikuntza programa baten hartuko dute parte aukeratutako pertsonek aurten; euskal gastronomiaren hainbat arlori buruzko “master class”ak emango dituzte adituok.

Egonaldian, bestalde, beste jarduera batzuk izango dituzte euskal jatorria duten gazteek aukera izan dezaten harremana izateko erakundeekin, elkarteekin, enpresekin eta Euskadin bizi eta lan egiten duten pertsonekin, baita Euskadiko eta kanpoko gazteen arteko harreman plataformak sortzeko ere.

Gaztemundu programa Basque Country Estrategiaren barrukoa da –estrategia horren helburuetako bat da Euskadi kanpoan proiektatzea– eta 1996an sortu zuen Eusko Jaurlaritzak Euskadiren egungo errealitatearen alde guztiak ezagutarazteko eta belaunaldi berriei aukera emateko euskal etxeetako bizitza aktiboan integratzeko.

Ordutik hona, 800 gaztek baino gehiagok hartu dute parte programa horretan (gehienak Argentinakoak eta Estatu Batuetakoak) eta orain Euskal Etxeetako zuzendaritzetako kideak dira edota ardura postuak betetzen dituzte horietako askok.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia