Boise, AEB. Ziztu bizian zihoazen batzuk, erritmo onean beste hainbat eta, lasai asko, patxadaz, beste zenbait. 2.400 parte hartzaile orotara lasterketan. Eta beste 800 lagun ere izan ziren, bolondres, antolakuntzari laguntzen. Tartean, euskaldun mordoxka.
Boiseko euskaldunak betidanik egon dira lasterketa honi lotuak –izatez, Aldape mendirako karrera luzea legez ezagutua da eta mendi horrek Felipe Aldape euskal amerikarrari zor dio izena−, baina aurtengoa, lasterketaren inguruko dena euskal kulturarekin batu dutenez antolatzaileek, bereziagoa izan da. “Gora! Igelen entzierroa!” izan da aurtengo leloa. Rencher-ek azaldu duenez, “Boisen hain euskal kultura sendoa egonik, horrelako zerbait egitea tokatzen zitzaigun. Euskaldunak beti egon dira laguntzeko prest, ez aurten soilik”.
Kultura eta historia kontuen inguruan lagundu diete arduradunei Boiseko Amuma Says No taldeko euskal-amerikarreko Dan Ansotegui eta Jill Aldapek. Oinkariko dantzariek emankizuna eskaini zuten eta hiriko denda euskaldunek ere beren harri koxkorra jarri zuten.
“Gu ibilbidearen hasieran izan ginen, txalaparta jotzen, Alaina ahizpa, Lael (Uberuaga) eta hirurok”, adierazi digu bere aldetik Boiseko Euskal Museoko langilea den Annie Gavica-k. “Ikurrin Dantzaren zati bat dantzatu zuten Oinkariko dantzari batzuek eta Bieter alkateak karrerari ‘Gora, Gora, Gora!’ oihukatuz eman zion hasiera. “Ederra izan zen”.
“Oso ondo pasatu zuen jendeak, euskal kultura eta lasterketa medio”, iritzi dio Gavicak. Parte hartzaile batzuk Sanferminetako arropekin korritu zuten, zuri gorri dotorez, eta beste batzuk igelez mozorrotu ziren, historia bateratua baitute anfibio hauek eta Robie Creek-ek.
Ekainean, gastu guztiak pagatu ostean, antolatzaileek etekinak dohaintzan emango dituzte. Iaz, adibidez, 81.000 dolarretik gora eman zituzten, 40 elkarte eta GKE desberdineri.
Robie Creek eta igelak…
Gavicak azaltzen duenez, “aspaldiko kontua da Robie Creek eta igelena. Harri eta lupetzez betetako errepidea da bide hori eta autoak batetik bestera dabiltza. Eta antza, askotan zapaldu egiten dituzte igelak. Lasterketan parte hartzen dutenek horrelako apoak ikusita, kotxeek zapalduak eta eguzkiak sikatuak, frisbiak izango balira airera jaurtitzen dituzte”.
…eta euskaldunak
Lasterketa iragartzeko-edo, antolakuntzak fikziozko ipuina zabaldu d, euskaldunak, Robie Creek eta apoak batuta.
Robie Creek-eko legenda – Euskaldunak
Gizon Gorria zegoen hasieran, Lurrarekin elkarbizitza baketsuan. Gora egiten zuten mendiek eta dir-dir urek. Bakea zegoen.
Gizon Zuria heldu zen orduan eta zatitu egin zituen lurra eta mendia. Eta bide horietatik ibili zituen autoak Gizon Zuriak, Gizon Gorriaren bideak zapuztuz. Eragindako hauts eta keek ura ilundu zuten eta animaliek alde egin zuten. Bakerik ez zegoen orduan.
Gauzaberdea bizi zen ur horietan eta bakea ekarri nahi zuen atzera, Gizon Gorriarentzat zein Gizon Zuriarentzat. Autoen joan-etorria gelditzen saiatu zen baina zapaldu egin zuten. Bakerik ez zegoen.
Hamarkada zenbait geroago, errepide berria eraiki zuten, mendia ekiditeko. Eta isiltasun berriarekin batera heldu zen Gizon Euskalduna.
Lurra maite zuen Gizon Euskaldunak, eta omendu egiten zuen mendia. Ardiak eta kultura propioa ekarri zituen Gizon Euskaldunak eta, askotan, suaren bueltan, dantza egiten zuen, beren jaioterriarekin amestuz.
Egun batean, artzaina, karrokanpoarekin mendiantz zihoala Gauzaberde ikusi zuen eta, zapaldu beharrean, gelditu, eta bide ertzera lagundu zuen. “Aupa txantxiku! Esan zion. Zu ikusteaz pozten naiz. Oñatikoa naiz ni, herri zaharrekoa. Horrela egiten diegu guk diosala lagunei. Euskal kultura bizi eta zabaltzea ere gustatzen zaigu. Zatoz neurekin mendi puntara eta ospa dezagun batera geure kultura”.
Mendi puntan, hirira begira, pozarren zegoen euskalduna, bertan, ondo bizi baitziren bere herrikideak. "Txantxiku, lagundu egidazu Lur hau salbatu eta omentzen. Mendigain honi neure familiaren izena emango diot: Aldape. Eta hala behar duenean, euskal kultura ospatuko dute Race to Robie Creek-eko partaideek! Gora! Gora!"
Irri egin zuen txantxikuak. Gizon Gorria, Gizon Zuria, Gizon Euskalduna... Zahar zein berri... azkenik, bakea heldu zen berriz ere mendi magiko honetara.