euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

2015eko Macachingo Euskal Astea: voucherren prezioak eta Dantza Taldeen zuzendarien bileraren zehaztasunak

2015/07/06

2015eko Euskal Aste Nazionalaren logotipoa
2015eko Euskal Aste Nazionalaren logotipoa

PUBLIZITATEA

Urriaren 26tik azaroaren 1era garatuko da aurten Argentinako Euskal Aste Nazionala eta Euzko Alkartasuna euskal etxe antolatzaileak jaian parte hartzeko voucherren prezioak jakinarazi ditu azken orduotan. Azpimarratzekoa da familia-etxeetan ostatua hartu nahi duten pertsonek ez dute ordaindu beharko; hala ere, eta antolaketa lana errazte aldera, Euzko Alkartasuna-tik eskatzen dute parte hartzaileen zerrenda lehenbailehen bidaltzeko. Bestalde, Dantza Taldeen Zuzendarien bilera uztailaren 18an izango da, Macachingo euskal etxean bertan. 

Macachín, Argentina. Egunak pasatu ahala berri berriak datozkigu Macachinetik, 2015eko Euskal Aste Nazionalari begira. Izan ere, 21 urte pasatu dira Argentinako euskal jai handiena La Pampa probintziako herri honetan azken aldia ospatu denetik, eta euskal etxea ez ezik, komunitate osoa dago erabat murgilduta prestaketetan. Are gehiago, Kultur eta Udal Interesekoa ere izendatu du euskal jaia hiriko gobernuak.

Orain gure erredakziora iritsi diren berriak jaian parte hartzeko voucherrei buruzkoak dira; voucherrak bi motatakoak dira: dantzarientzat (dantza taldeetako kideentzat bakarrik) eta laguntzaileentzat (publiko orokorrarentzat).

Dantzarientzako voucherrak $1100 balio ditu, ostatua –udaleko aterpetan­­– eta otorduak barne, ostiral goizetik igande eguerdiraino, larunbateko afaria izan ezik. Larunbat gauean erromeria bat antolatuko da, kantina zerbitzuarekin. Lekua eta vaoucherrak konfirmatzeko, dantza talde bakoitzak dantzari guztien zerrenda bidali behar die euskal astearen antolatzaileei anto_veroli_mujica@hotmail.com helbidera, uztailaren 18a baino lehen.

Laguntzaileen voucherrak $1200 balio ditu, ostatua (familia-etxeetan) eta otorduak barne, ostiral goizetik igande eguerdiraino. Modalitate hau aukeratzen duten euskal etxeek jakinarazi behar diete antolatzaileei partaideen zerrenda uztailaren 18a baino lehen. Kontaktu helbidea anto_veroli_mujica@hotmail.com da.

Hoteleko erreserbak dituzten lagunentzat voucherren prezioa berdina da ($1200) familia etxeetako ostatua musu truk eskainiko baitute macachindarrek.

Zuzendarien bilera

Euskal astearen dantza ikuskizunak zehazteko helburuarekin, talde partaideen zuzendariak elkartuko dira uztailaren 18an Macachinen honako ordutegia izango duen bilkuran:

15:30etan, bileraren hasiera
17:30etan, atsedenaldia
19:30etan, bileraren amaiera
21:30etan, afaria euskal etxean eta euskal etxearen esku

Ostatuari, ordea, partaide bakoitzak behar izango dio aurre egin; hala ere, euskal etxea hizketan dago udalarekin udaleko aterpeak erabili ahal izateko.

Bileran Euskal Asteko larunbateko gau emanaldian dantzatuko diren koreografiak aukeratuko dira –horretarako zuzendari bakoitzak hiru aukera aurkeztu beharko ditu– eta baita Plaza Dantzak ere. Informazioa anto_veroli_mujica@hotmail.com helbidera bidali behar da uztailaren 18a baino lehen. Bileran parte hartuko duten lagunei eskatzen diete, izanez gero, euren euskal etxeko partaideen zerrenda eramateko. 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia